Cecilio Arabaolaza hil da, Azpeitiko danborradaren sortzaileetakoa

Mailo Oiarzabal 2021eko urriaren 1a

1957an egin zen lehendabiziko umeen danborradaren antolatzaileetako bat izan zen donostiarra, Baltasar Iglesias apaizkidearekin batera.

Cecilio Arabaolaza, Azpeitiko danborradaren sortzaileetako bat, atzo hil zen, 94 urterekin. Donostiarra zen Arabaolaza, eta Baltasar Iglesias apaizkide eta herrikidearekin batera, Azpeitiko kaleetan egin zen aurreneko danborradaren sustatzailea izan zen.

Azpeitiko Parrokian egiten zuten lan bi apaizek, bereziki gazteekin, Oargi erakundean. Donostiarrak eta danborradazaleak, Azpeitian parrokiako zaindari Soreasuko Sebastianen omenez urtarrilaren 20a jaieguna izaten zela baliatuta, Oargiko gazteekin danborrada antolatzea otu zitzaien Arabaolazari eta Iglesiasi. Pentsatu, antolatu eta egin: 1957ko urtarrilaren 19an, San Sebastian bezperako iluntzean, ibili ziren Oargikoak eta bi apaizak kalez kale Sarriegiren doinuak danbor hotsez joaz, Bandak lagunduta.

Arabaolazaren eta Iglesiasen ekimenak arrakasta berehalakoa izan zuen. 1959an hasi ziren helduen danborrada ere egiten, eta urteen poderioz hazten eta indartzen joan zen sansebastianetako danborrada. 2007an, lehen danborrada hura irten zen 50. urteurrenean, umeen danborradaren eta Azpeitiko Udalaren omenaldia jaso zuen Arabaolazak udaletxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide