Jotakie musika taldeak kontzertua eskainiko du urriaren 9an, larunbatez, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Sanagustinen 10. urteurrenaren harira antolatutako azken hitzordua izango da Jotakieren zuzenekoa, eta urtean zehar egindako gainerako ekintzak bezala, Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak antolatu du.
Azkoiti-Azpeitiko musika taldeak urriaren 9an eskainiko duen kontzertua 21:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude jada Kulturaz.eus webgunean. 10 euro balio du sarrerak. Kultur bonoa dutenek ez dute ordaindu beharrik izango.
Jose Antonio Elorzak (ahotsa), Manolo Azpitartek (gitarra), Peio Larrañagak (bateria) eta Luka Martinek (baxua) osatzen dute taldea. Iaz ere Azpeitian jotzekoak ziren, Immaculate Foolsekin batera, baina COVID-19aren pandemiak bertan behera utzi zuen kontzertua, bi aldiz.
Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak maiatzaren 10ean hasi zuen egitaraua, kulturgunearen ibilbidea errepasatzen zuen erakusketa batekin. Maiatzaren bukaeran kultur artikulazioari buruzko nazio jardunaldia izan zen, eta egun horietan Kultur Zuhaitz Eguna ere bai. Ekainean, Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala izan zen, eta uztailean, Sanagustinen 10. urteurreneko ekitaldia. Urriaren 5ean izango da hurrengo ekitaldia: Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldia. Haren ondoren, eta egitaraua bukatzeko, Jotakie. Azpeitiko Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek eta norbanako batzuek osatzen dute Herri Batzordea.