Plazaz Plaza txapelketan garaile izan da Oihana Orbegozo azpeitiarra

Anartz Izagirre 2021eko abuztuaren 29a

Atzo, larunbata, jokatu zuten finala Orbegozok eta Laia Salsamendik, Aldaregia-Ruiz de Larramendi bikotearen aurka, Leitzan (Nafarroa). 12-22 nagusitu ziren azpeitiarra eta bere bikotea.

Ados Pilota elkarte sortu berriak antolatutako Plazaz Plaza txapelketaren finala jokatu zen atzo, larunbata, Leitzan (Nafarroa), eta Oihana Orbegozok txapela eskuratu zuen Laia Salsamendi bikotearekin batera. Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendiren aurka neurtu zituzten indarrak azpeitiarrak eta bere bikoteak, eta 12-22 nagusitu ziren norgehiagokan.

Eskuzko emakume pilotariek Ados Pilota izeneko lehen klub profesionala sortu dute, eta joan zen maiatzean egin zuten klubaren aurkezpena, Leitzan. Hainbat izan dira kluba sortzearen arrazoiak; besteak beste, txapelketa gehiago jokatu ahal izateko, pilotariek lan baldintzak hobetzeko eta beren buruaren jabe izateko sortu dute Ados Pilota. Plazaz Plaza izeneko lehen txapelketaren berri eman zuten aurkezpenean, eta atzo amaitu zen lehen edizioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide