Loiolako eta Azkoitiko organoak ezagutu dituzte organo erromantikoaren nazioarteko ikasleek

Andoni Elduaien 2021eko abuztuaren 4a

Nazioarteko 25 organo ikasle izan dira goizean parrokiko organoaren historia, eta nola ez, bere soinua bertatik bertara ezagutzen. 09:00etatik 10:00etara bitartean Loiolako basilikan egon dira ikasleak, eta Azkoitian 10:30etik 13:00etara bitartean.

Organo Zikloari hertsiki lotuta dagoen Organo Erromantikoaren XXXVIII. Nazioarteko Ikastaroa herenegun astelehena, hasi zen. Ikastaroa Donostian egiten ari badira ere, Gipuzkoan zehar dauden organoak ere ari dira ezagutzen ikasleak, eta gaur, asteazkena, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan eta Loiolako basilikan dauden organoak bertatik bertara ezagutu dituzte. Nazioarteko 25 ikasle izan dira Azkoitian eta Azpeitian, hala nola alemaniarrak, frantziarrak, belgikarrak, kroaziarrak, espainiarrak eta euskal herritarrak. 

Iaz bertan behera gelditu zen ikastaroa COVID-19ak eraginda, baina aurten berriro ekin diote ikastaroari. Organo Zikloarekin batera ari dira egiten ikastaroa, eta Thomas Ospital Parisko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko irakasle euskalduna ari da ikasleak gidatzen. 

Ikasleek bidelagun izan dituzte Esteban Elizondo eta Jose Luis Frantsesena organo jotzaileak. Hasieran organoaren inguruko hainbat azalpen eman ditu Elizondok parrokian, eta ondoren, organoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute ikasleek Frantsesenaren eskutik. Arlo teknikoagoetan sartu da Ospital; izan ere, ikastaroaren helburua da jatorrizko Cavaillé-Coll organoen soinua bertatik bertara ezagutzea, gero beren herrialdeetan interpretatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide