Azpeitiko Kultur Mahaia birmoldatzeko neurriak onartu dituzte bazkideek

Julene Frantzesena 2021eko uztailaren 27a

Kulturzale elkartea desegitea eta berriro "oinarrizkoak diren ildoei eustea edota berriei ekitea" onetsi zuten larunbatean Dinamoa sormen gunean egin zuten ezohiko batzarrean.

Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kulturzale elkarteko bazkideek komunitate artikulatuaren "egiturak gaur eguneko egoerara egokitzea" eta "arloa gehiago indartzeko eta hedatzeko asmoz fasea abiatzea" erabaki zuten joan den zapatuan, ezohiko batzarrean. Martxoan izan zuten urteko ohiko bilkura, eta han erabaki zuten planteamendu zehatz bat egitea ezohiko batzarrerako.

Puntu bakarra zeukan larunbateko hitzorduak: "Azpeitiko kultur komunitate artikulatuaren birmoldaketa". Besteak beste Kulturzale elkartea desegitea proposatu zenez, horrek, estatutuek hala aginduta, bazkideen ezohiko batzarra egitea eskatzen zuen. Dinamoa sormen gunean egin zuten batzarra, eta ia aho batez onartu zuten bazkideek birmoldaketaren proposamena.

Filosofia berarekin

Onartutako dokumentuan esaten da ez dela aldatuko kultur komunitatearen azkeneko dozena pasa urteko filosofia. "Azpeiti eta Euskal Herri bizi baten ardatz kultura, euskara eta herri ekimena izatea nahi dugu. Nor izateko bidean, ezinbestekoa da elkartu eta kultura politiko zabal bat ereiten jarraitzea, eta herri gisa aritzea. Kultur taldeen, norbanakoen eta udalaren jarduera garrantzitsuaz gain, modu bateratuan pauso handiak eta estrategikoak eman ditugu herrian".

Herriko kultur mugimendua "altxortzat" jotzen da, eta nabarmendu "garrantzitsua" dela horri eustea. "Era berean, funtsezkoa da kultur komunitatea gehiago biziberritzea eta zabaltzea. Berriz ere ahalegin bat egitea tokatzen zaigu, komunitatea birmoldatuta eta ildo batzuei (berriro) ekinda".

Bi neurri

Bi neurri hartu dituzte Kultur Mahaiaren elkarteko bazkideek. Batetik, herri egiturak egokitze aldera, Kulturzale elkartea desegitea. Kultur Mahaiko batzar batean erabaki zen 2009tik egon den Kulturzale sortzea, mahaiaren tresna juridikoa izan zedin dirulaguntzak eskatzeko, teknikaria hartzeko edota, 2011n, Sanagustineko lehiaketara aurkezteko. "Orain ez da beharrezko jotzen; eta, behar izatekotan, hor dago Kulturaz kooperatiba". Gainera, urteen poderioz, ikusi dute Kulturzale elkartearen eta Kulturaz kooperatibaren artean duplizitate administratiboak, formalak edota bazkidetzakoak sortu direla, eta hori saihesteko ere erabaki dute Kulturzale elkartea desegitea.

Larunbateko batzarrean hartutako beste neurria, kulturako bilgunetik berriz ere "oinarrizkoak diren ildoei eustea edota berriei ekitea" da. Kultur egutegi orekatuaren lanketa eta kultur arloaren argazkia egin zituen bere garaian Kultur Mahaiak, baina azkeneko hamarkadan bultzatutako "hiru egitasmo handik asko baldintzatu" dute haren dinamika: Sanagustin kulturguneak, Soreasu antzoki berrituak eta Dinamoa sormen guneak. Udalak eta Kulturaz kooperatibak aurten hiru azpiegitura horiei buruzko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Ondorioz, mahaiko zuzendaritzak ikusi du "pausoak eman behar direla kultur taldeekin harreman iraunkorragoa izateko, norbanakoak kultur komunitatean barnebiltzeko, eremua biziberritzeko edota ekinbide zehatz txikiagoei eusteko".

Irailetik aurrera, Kulturzaleren desegitea gauzatzeko Kitapen Batzordea sortuko dute; elkarteko zuzendaritzako kideek osatuko dute. Bestetik, kultur foroko edo mahaiko batzorde dinamizatzailea eratzeko pausoak emango dituzte, baita 2022ko plana egiteko ere. Urte bukaeran bilkura zabala egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide