Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finalean izango da Azpeitia

Julene Frantzesena 2021eko uztailaren 17a

Azpeitiko pilotariak 3 eta 0 nagusitu dira Amurrioren kontra jokatutako finalerdian. Zumarragan jokatu dituzte norgehiagokak gaur, zapatua. Finala uztailaren 25ean, igandez, izango da, baina oraindik erabakitzeko dago Azpeitiak zer herri izango duen aurkari; bihar jokatuko dute bigarren finalerdia Zeanurik eta Lezamak.

Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finalean izango da Azpeitia. Izan ere, gaur, zapatua, 3 eta 0 nagusitu dira Ilunpeko pilotariak Amurrioren aurkako finalerdietako kanporaketan. 11:00etan hasita jokatu dituzte norgehiagokak Zumarragako Beloki pilotalekuan, eta ezin hobeto hasi dute lehia.

Lehen partidan, kadeteen mailakoan, Odriozola eta Ezama nagusitu dira, Amurrioko pilotariak 22 eta 10 mendean hartuta. Bigarren neurketan I. Egigurenek eta J. Labakak ordezkatu dute Azpeitia, eta horiek nagusitasunez irabazi dute: 22 eta 4. Hirugarren eta azken partidan Alberdi eta Murgiondo kantxaratu dira, eta kanporaketa borobiltzea lortu dute: 22 eta 16 irabazi dute.

Datorren asteburuan izango da Euskal Herriko finala Zumarragan, baina oraindik ikusteko dago Azpeitiak zer herri izango duen aurrez aurre; izan ere, bigarren finalerdia bihar, igandea, jokatuko dute Zeanurik eta Lezamak. Finala uztailaren 25ean, igandez, izango da, 11:00etan hasita.

Bosgarrenaren bila

Azpeitiak ekainaren 26an lortu zuen Euskal Herriko Txapelketarako txartela, Gipuzkoako lehia irabazita. Hain zuzen ere, 2 eta 1 nagusitu zen Azpeitiko taldea Oiartzunen kontra jokatutako finalean. Zortzigarrenez jantzi dute Azpeitiko pilotariek Gipuzkoako Herriarteko lehiako txapela. Gipuzkoako txapelketa irabazita, Azpeitiak lautan lortu du Euskal Herriko Herriarteko txapela. Hain zuzen ere, 2008an, 2015ean, 2017an eta 2018an.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide