Sanagustin kulturgunearen hamargarren urteurreneko ekitaldia, uztailaren 24an

Julene Frantzesena 2021eko uztailaren 16a

Kulturgunean bertan izango da 12:00etan hasita, eta osasun egoera tarteko, aforoa mugatua izango da. Hitzartzeak izango dira ekitaldian, eta haien ondoren, herriko talde eta sortzaile hainbatek emanaldiak eskainiko dituzte.

Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko herri ekitaldia uztailaren 24an, larunbatarekin, izango da, 12:00etan hasita. Hitzartzeak izango dira ekitaldian, eta haien ondoren, herriko talde eta sortzaile hainbatek emanaldiak eskainiko dituzte.

Hain zuzen ere, kulturguneko agertokian izango dira Leire Ostolaza bertsolaria eta Iraia Bereziartua biolin jotzailea, Juan Antxieta musika eskolako eta Antzerki Eskolako umeak, Julen Hidalgo eta Iratz Uranga musikariak nahiz Azketa ahots taldeko kideak. Gainera, Sanagustinen hamargarren urteurrenaren harira egindako kapsulen bilduma ere ikusi ahal izango da saio eta saio artean.

Horrez gain, 10 urte, 10 argazki erakusketa zabalduko da zapatuan bertan, eta ekitaldira joaten diren herritarrentzat mokadua ere izango da. Osasun egoera dela-eta, ordea, ekitaldiko aforoa mugatuta egongo da.

Sanagustin kulturgunearen 10. urtemugako ospakizunak ez dira ekitaldi horrekin amaituko; izan ere, datorren urriaren 5ean Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldia izango da Sanagustin kulturgunean. Izatez, ekainaren 25ean zen egitekoa jardunaldia, baina hizlarietako batek min hartu zuelako atzeratu egin zen data.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide