Nuarbetik Tourrera, ohitura onei eutsiz

Mailo Oiarzabal 2021eko uztailaren 13a

Lau hamarkadatik gora dituen usadioa berrituko dute Nuarbeko tourzaleek bihar eta etzi Pirinioetako etapetan. Txirrindularitza maite dute, eta are gehiago batzen dituen zaletasun horren bueltan lagunartean ondo pasatzea.

Astearte buruzuria, gaur zortzi, eta gizon kuadrilla mahaiaren bueltan Nuarbeko soziedadearen atarian. Ez da ohiko estanpa, baina bai urtean behin bederen gertatzen dena. Frantziako Tourra Pirinioetara iritsiko da astebeteren buruan, eta urteroko irteera antolatu beharra dago.

Bapo bazkalduta, zerrendak osatzen ari dira; apunteak mahaia babesteko erabili duten paper zuriaren gainean, eta erosketen zerrenda osatzen hasia da Joxe Galarraga Estra beste paper mutur zuri batean. Bera da Pirinioetako bi etapak (Saint Larykoa bihar eta Luz Ardidenekoa etzi) ikustera joango diren sei lagunetako bat. Gehiago elkartu dira bazkaltzera, baina elkartutako guztiak ez dira joango aurten karrera ikustera, urteren batean edo gehiagotan denak izandakoak diren arren. Txangoan gozatuko dutenaz gain, "pre eta post Tourra ere" ospatzen dituztela azaldu du Luis Gurrutxagak: horrela, prestaketa bazkarian izan zirenetako batzuk arduratuko dira, hain zuzen, Tourretik etxera itzultzen diren eguneko afariaz.

"Erregeak bezala"

Duela 43 urte joan zen lehen aldiz Nuarbeko kuadrilla Tourra ikustera. Gerora eta gaur egun ere, nuarbetarrak ez ezik, inguruetako lagunak ere batu izan dira eta batzen dira espediziora, baina Nuarben dago kuadrillaren hazia eta oinarriko kanpalekua. Urte batzuetan kuadrilla handiagoak, egun gehiago edo gutxiago pasatzera, baina apenas hutsik egin duten Tourrarekin urtero jartzen duten hitzordura.

Aurten autoetan joango dira Pirinioetara, baina lau hamarkada pasa horietan molde askotako irteerak egin izan dituzte. Urte batzuetan, "egunean bertan joan eta itzuli ere bai, hemendik goizeko bostetan abiatuta". Kuadrilla jendetsuagoa elkartzen zirenean, "bi edo hiru furgoneta" hartuta joaten ziren. Lagun taldeko batzuek Eginen lan egiten zuten, eta haien furgonetak erabili zituzten behin baino gehiagotan. Hala ere, Landetako Neumaticos Anttonek utzitako furgoneta eraman zuten urtean baino dotoreago ez ziren askotan ibiliko. Michelin pneumatikoen propaganda furgonetan nuarbetarrek, eta Michelin garai hartako Tourraren babesle nagusi. Uztarketa borobila, Luis Gurrutxagak kontatu duenez: "Gauzak asko aldatu dira, orain normalean bezperan ixten dituzte errepideak, baina orduan lasterketaren egun berean ere ematen zuten zaleak gailurrera igotzeko aukera. Michelinen furgoneta harekin gu, noraino igotzen utziko ote ziguten jakin gabe. Gendarmeak ikusi, aparkatzen hasi ginen, eta ezetz haiek, jarraitzeko aurrera. Horrelaxe iritsi ginen lasterketako ibilgailuak aparkatzeko gune ofizialeraino, helmuga ondora". Tourraren sukalderaino, alegia. "Erregeak bezala", dio Gurrutxagak, lagunen barre artean.

Hori da urte hauetan guztietan pilatu duten pasadizo gogoangarrienetakoa, baina karrokada bat dute kontatzeko: kanpin denda eraman, baina hura zutik jartzeko hesolarik eraman ez zutenekoa; ostatu hartu zuten tokiko labean gas ihesa sortu eta bakarren batzuk sustoa baino gehiago pasatu zutenekoa; Lucho Herreraren Cafe de Colombia taldearen hotel berean ostatu hartu eta taldeko mekanikariek Xixilio Alegriari bizikleta konpondu ziotenekoa; urte hartan Giroa irabazi baina Tourrean ezin batean zebilen Andrew Hampsteni aldapan gora bultzadatxoa eskaini eta estatubatuarrak listua botaz erantzun zienekoa...

2016an gertatutakoa ere ez dute berehalakoan ahaztuko: azken kilometroa seinalatzeko airezko arku erraldoiak azpian harrapatu zituen txirrindulariak, baina baita Nuarbekoen taldeko hiru lagun ere. Kolpatuta bai, baina min handirik hartu gabe pasatu zuten sustoa.

Tourrak liluratuta

Duela 43 urteko lehen irteera hartan, zazpi lagun joan ziren Nuarbetik Pirinioetara. Bi autotan joan ziren, eta iristeko 30 bat kilometro falta zitzaizkiela, autoetako bat, "Boniren [Alegria] Dyan 6a", matxuratu zitzaien; Xixilio Alegriak eraman zuen orduan anaiak utzitako autoa. Beste autoan eta txandaka ailegatu ziren halakoren batean Tourmaletera, gailurretik hiru bat kilometrora. "Gauerdi aldera iritsi ginen lehen txandakoak, eta izugarria zen hura: egundoko haitzak, zerua garbi-garbi izarrez beteta, elur paretak ezker-eskuin... Orain apenas ikusten den han elurrik uztailean, baina garai batean bai", gogoratu du Gurrutxagak. Bahamontesen edo Anquetilen abenturak eta ibilerak entzunez eta jarraituz hazitako nuarbetarrak, txirrindulari handi haiek ibilitako tokietara eta lasterketara. Behin joatea otu, eta gaur arte.

Gauza asko aldatu dira urteen joanarekin, baita Tourra ere. Pirinioetako etapetan ikusleen "masifikazioa lautik bat" zen Nuarbeko kuadrilla joaten hasi zenean azken urteetakoarekin alderatuz, Joxe Gurrutxagaren arabera. Frantziarrak nagusi, eta flandiarrak, herbeheretar kuadrillaren batzuk, espainiarrak bakanago, eta euskal herritarrak orain baino askoz gutxiago. Indurainek bost Tour erreskadan irabazteak eta Euskaltel taldearen boladak ekarri zuten ikusleen masifikazioa, nuarbetarrek kontatu dutenez; "telebistaz ikusteko-eta ikusgarriago" izan daiteke egungo jarraitzaile jasa, "baina bertatik jarraitzeko, gehiegizkoa", diote. Dena den, azken urteetan Pirinioetako zoramena pixka bat "hoztu" egin dela nabarmendu dute; etapak asteburutik aste erdira aldatzeak izan du horretan eragina, eta Euskaltel desagertzeak ere bai.

Urte askotako irteeretan pilatutako esperientzia tarteko, Nuarbetik abiatzen den kuadrilla ere "ikasten" joan da, baina hasierako ilusioa, txirrindularitzarekiko maitasuna eta ohitura onak ez dituzte galdu. Tourra da bidaiaren plater nagusia, baina turismoa egiteko ere baliatzen dituzte irteerak. Azken urteetan, "jende berria" joaten denean bereziki, saiatzen dira beti txangoak egiten; toki gehiagotan ere hartu izan dute ostatu, baina Luz Saint Sauveur izan ohi da normalean tourzaleen kanpaleku nagusia, eta Gavarnie inguruak-eta ondo ezagutzen dituzte.

Marino Lejarretak 1990ean etapa irabazi zuenekoa, Indurainek 1991n bere lehen Tourra irabazteko bidean Chiapuccirekin Val Louronen emandako erakustaldia, Euskalteleko Laisekaren eta Sanchezen garaipenak... Lasterketari lotutako oroitzapen eder asko gordetzen dituzte nuarbetarrek eta lagunek, eta berriak pilatzeko prest daude. Galdu ez duten ohituren artean, iluntzetako tertulia-xextrak; "haserretzeraino" eztabaidatu izan dute, "beti txirrindularitzaren bueltan, e", baina hurrengo egunerako giroa beti baretuta. Eztabaida sutsu horiek irribarre batekin ekarri dituzte gogora, lagunartearen ezaugarri aldaezina eta aldatzeko gogorik ez dutena dela argi utzita.

Pulamentuzko jan-edana ere bermatuta dute Nuarbeko kuadrillara batzen direnek; Pirinioetara joan aurreko antolaketa bazkaria ez dute alferrik egiten. Urte askoan, Joxe Mari Agote izan zen taldearen gonbidatu eta "sukaldari ofiziala". Kanpin dendaren hesolak etxean utzi zituztenekoa kontatu dutenean, garagardoak dendaren kanpoaldean zituztela aipatu du Luis Gurrutxagak, eta Joxe Gurrutxagari ez zaio pasatu detailea: "Ikusten? Hesolak ahaztu bai, baina garagardoa eramatea ez zitzaien ahaztu, e?".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide