Larrañaga eta Aizpuru III.a erremontistek San Fermin torneoko finala jokatuko dute

Andoni Elduaien 2021eko uztailaren 8a

Larrañaga azkoitiarrak, Ansa II.arekin batera, atzo jokatutako finalerdian lortu zuen finalerako txartela. Aizpuru III.a azpeitiarrak, aldiz, Urriza du bikotekide eta multzoburu amaitu zutelako lortu zuten finalera sailkatzea. Hilaren 14an jokatuko dute finala, Galarreta pilotalekuan.

Azkoitiko Iban Larrañaga eta Azpeitiko Joxin Aizpuru Aizpuru III.a erremontistek San Fermin torneoko finala jokatuko dute. Ansa II.arekin jokatu du txapelketa azkoitiarrak eta Urrizarekin azpeitiarrak. Atzo, asteazkena, jokatu zuten finalerdia Ansa II.ak eta Larrañagak, eta 30 eta 26 hartu zituzten mendean Juanenea eta Barrenetxea IV.a. Hori horrela, hilaren 14an jokatuko den finalera sailkatzea lortu zuten.

Urriza eta Aizpuru III.a erremontistek, bestalde, aurreko astean lortu zuten finalera sailkatzea; izan ere, multzoko lehen postuan amaitu zuten txapelketa, eta postu horrek finalera zuzenean sailkatzeko aukera eman zien. San Fermin Txapelketa nagusia Oriamendi2010 enpresako sei erremontista "nabarmenenek" osatu dute. Urriza-Aizpuru III.a, Ansa II.a-Larrañaga eta Juanenea-Barrenetxea IV.a. Urrizak eta azpeitiarrak beste bi bikoteak mendean hartu dituzte txapelketan jokatutako bi partidetan. Datorren astean jokatuko den finalean erabakiko da torneoko bikote txapelduna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide