Azpeitiko alkatea (EH Bildu)

Nagore Alkorta: "Agindu genituen proiektu guztiak egin egingo ditugu"

Aitziber Arzallus 2021eko uztailaren 2a

Pandemia eta Corrugados auzia kudeatu behar izan ditu Alkortak (Azpeitia, 1978), baina, hala ere, ez du kargua hartu izanaren damurik. Eroso eta indartsu sentitzen dela dio.

Nolakoak izan dira bi urte hauek?

Intentsoak, eta gogorrak ere bai, baina asko ikasteko aukera izan dut eta ikusi dut merezi duela horrelako ardura bat hartzeak.

Eroso sentitzen al zara alkatearen aulkian?

Kosta egin zitzaidan egokitzea, baina orain ondo sentitzen naiz. Uste dut denon artean ari garela Azpeitiak dituen erronkei erantzuten.

Zer etorriko zen jakin izan bazenu, alkategai aurkeztuko al zinatekeen?

Bai. Egoera oso zaila tokatu zaigu, baina ez nuke atzera egingo.

Pandemiaren kudeaketan asmatu duzuela uste al duzu?

Egun batetik bestera alarma egoera ezarri zutenean, ziurgabetasuna sekulakoa zen. Saiatu gara baliabide publikoak herritarren zerbitzura jartzen eta herritarrei sortu zaizkien beharrei elkarlanean erantzuten. Elkar laguntzeko ahalegin handia egin dute azpeitiarrek, eta horrek asko balio du.

Pandemia kudeatzeko garaian, zer egin zaizu zailena?

Diagnostikoa egitea, alegia, behar guztiak identifikatzea. Hasieran adinekoengan jarri genuen arreta, baina berehala konturatu ginen bazeudela beste kolektibo batzuk ere, adibidez, lana galdu zutelako arazo ekonomikoak zituztenak, ordenagailurik gabe zeuden umeak… Beharrak detektatu ahala joan gara horiei erantzuten, geure buruari behin eta berriz galdetuz ari al garen guztiengana iristen. Nabarmendu nahi nuke boluntarioen lana ere, eta hori da ateratzen dudan gauzarik onena: herritarrek erakutsi duten prestutasuna herritarrei laguntzeko.

Pandemiak zenbateraino eragin du udalaren ekonomian?

Pandemia bete-betean ginenean jakin genuen foru funtsetik diru gutxiago jasoko genuela, eta, aurten, 700.000 euro gutxiago izan dira. Hala ere, azken urteetako kudeaketa arduratsuari esker, egoera nahiko onean geunden honi guztiari aurre egiteko, eta garbi izan genuen geneuzkan baliabideak honetara jarri behar genituela. Ekonomia sustatzeko 1,7 milioi euroko plan integrala onartu genuen, eta lehenak izan ginen 600.000 euroko laguntzak ateratzen. Aurten, berriz, ekonomia sustatzeko 500.000 euroko laguntzak onartu ditugu. Bilera asko egin ditugu eta sektore ekonomiko guztietako ordezkariekin hitz egiten saiatu gara, beharrak detektatzeko eta beraien ikuspegia jasotzeko. Uste dut guztion artean lortu dugula egoerari aurre egitea.

Maiatzean %7,7koa izan da Azpeitiko langabezia tasa, iazko otsailean baino txikiagoa. Zeren seinale da hori?

Guk ditugun datuen arabera, zerbitzuetan igo da langabezia, eta, aldi berean, industria ari da bere onera itzultzen. Aldi baterako lan erregulazioek, berriz, lagundu egin dute langabezia tasari eusten, eta nik uste horien eraginaren ondorio ere badela maiatzeko tasa. Datua, noski, ona da, baina erregulazioak bukatzen direnean ikusiko dugu zertan geratzen garen.

2030 Plan Estrategikoa onartu berri duzue. Zer garrantzi du?

Gu proiektu batzuekin aurkeztu ginen eta horiek guztiak betetzen saiatu behar dugu. Pandemiak harrapatu gintuenean, momentuko beharrei erantzutera jarri genituen indarrak, baina hau luze doa, eta etorkizunera begira ere jarri beharra daukagu. Zentzu horretan, oso inportantea da Plan Estrategikoa, 2030era arteko ikuspegia ematen digulako. Proiektu garrantzitsuak jaso ditugu hor; esate baterako, gizarte beharrei erantzuteko zentro integral bat, Larringo industrialdea eta herriak duen uholdeetarako arazoari aurre egitea.

Zertan dira Larringo industrialderako, Landetarako eta Corrugadosen eremurako proiektuak?

Larringo industrialdea garatzeko hitzarmena sinatuta eta tramiteekin hasita gaude. Proiektuak Plan Partzial bat egitea eskatzen du, eta hasierako onarpena epe motzean ematea espero dugu; beraz, bere bidetik doa. Landetan, Plan Berezi bat egingo dugu, baina aurretik azterketa bat egin beharra dago diagnostikoa egiteko; aurrelanketa eginda daukagu. Corrugadosen eremuan, berriz, Amueko azpiegiturak desmantelatzeko eta lurrak deskontaminatzeko eta berreskuratzeko fasean sartzea dagokigu. Badakigu lan zailak direla, baina hasi egin behar dugu.

Corrugados auziaren inguruan, zer ondorio atera duzu?

Mediatikoki fikzio bat eraiki dute errealitatearekin inolako zerikusirik ez duena, eta hori eraso bat bezala bizi izan dugu azpeitiarrok. Guk esan dezakeguna da azpeitiarren interesak defendatu ditugula alderdiaren interesen gainetik, eta herritarren babesa sentitu dugula.

Corrugados auziak nola eragin die oposizioarekin dituzuen harremanei?

Agintaldiaren hasieratik saiatu gara oposizioarekin garbi jokatzen. Informazioa emateko eta beraien ekarpenak kontuan hartzeko ahalegina egin dugu. Horren adierazle da erabaki ia guztiak aho batez hartu ditugula. Ez dut uste Corrugadosen gaian ondo jokatu dutenik. Hala ere, guk elkarlanerako prestutasun osoarekin jarraitzen dugu.

Agintaldi erdia beteta, zer balorazio egiten duzu?

Oso momentu zailak bizi izan ditugu guztiok, baina uste dut azpeitiarrok gure alderik onena ateratzen ere asmatu dugula. Momentuko beharrei elkartasunez erantzun diegu, perspektiba galdu gabe. Egoera zaila izanda ere, herrigintzako proiektuak lantzen aritu gara, eta agintaldi honetarako hartutako konpromisoak bete egingo ditugu. Gogotsu eta ilusionatuta gaude bigarren erdiari aurre egiteko.

Zer erronka dituzue datozen bi urteetarako?

Gizarte babesa eta sustapen ekonomikoa izango dira gure lehentasunak, eta arreta berezia jarri nahi dugu gazteengan. Bizi duten egoera bistaratu eta dituzten beharrei erantzun nahi diegu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide