Herriarteko txapela irabazi izan duten aurreko aldietan, txarangak lagunduta eta herritarren txalo artean iritsi izan dira Ilunpeko pilotariak udaletxera. Aurten, ordea, tamaina bereko balentria eginagatik, harrera ekitaldi xumeagoarekin konformatu behar izan dute. Atzo arratsaldean egin zieten txapeldunei ongietorria, udaletxeko pleno aretoan.
Zapatuan Oiartzunen kontra jokatu zuten sei pilotariak eta Jabier Odriozola, Josu Uzkudun eta Xabier Aldalur Ilunpeko ordezkariak azaldu ziren 18:00etan udaletxeko pleno aretoan jarrita zuten hitzordura, eta Nagore Alkorta alkatea eta Egoitz Arruti Kirol batzordeburua han zituzten zain. Udal ordezkariek zorion eta esker hitzak izan zituzten Ilunpeko kideentzat; zorionak eman zizkieten lorpenagatik, eta eskerrak, egunerokoan eta herriaren alde egiten duten lanagatik. Oroigarri bat eta lore sorta bat ere oparitu zizkieten udalaren izenean.
Ilunpeko pilotariek esku pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuten larunbatean, Oiartzunen kontra Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan jokatu zuten finalean. Azpeitiak Herriarteko txapela janzten duen zortzigarren aldia da aurtengoa, eta horietatik bost azken sei urteotan irabazi ditu; 2015az geroztik urtero iritsi da finalera.