Zezen Beltz elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatuta, Gipuzkoako hiru ganadutegiren arteko lehia eta errekortarien ikuskizuna uztartuko dituen ekitaldia egingo dute uztailaren 11n Azpeitiko zezen plazan.
Lopene (Zestoa), Arno (Mutriku) eta Zelai-Luze (Lastur, Itziar) dira erronkan parte hartuko duten hiru ganadutegiak. Errekortariei dagokienez, parte-hartzea libre izango da, "betiere 16 urtetik gora izanez gero", antolatzaileek zehaztu dutenez. Antolatzaileek "aukera eman nahi" diote "errekortari aritu nahi duen orori". Lopeneko, Arnoko eta Zelai-Luzeko hiruna buru aterako dituzte plazara, eta oztopoekin jolasteko eta errekorteak egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Amaieran, ganadutegietako buru eta errekortari onena izendatuko eta sarituko dituzte.
Sarrerak, aurrez eta egunean bertan
18:00etan hasiko da uztailaren 11ko ikuskizuna Azpeitiko zezen plazan. Bertara joan nahi dutenek lau aukera izango dituzte sarrerak erosteko, azkena egunean bertan, zezen plazako leihatilan. Aurretik, uztailaren 2an (19:30-21:00) eta 3an (12:00-13:30), Azpeitiko udaletxe azpian jarriko dituzte sarrerak salgai; eta uztailaren 7an Soreasu antzokian ere bai, Suharra dokumentalaren emanaldian (19:00).
Ikusleentzako sarrerak 10 eurotan salduko dituzte, eta errekortarientzakoak 20 eurotan. 4 urte arteko umeak doan sartu ahalko dira zezen plazara.
Antolatzaileek ohartarazi dute osasun egoera dela-eta derrigorrezkoa izango dela zezen plazan maskara erabiltzea eta ikusleen artean metro eta erdiko tartea mantentzea.