Urduri samar, baina, aldi berean, gogotsu. Halaxe daude Ukabil musika taldeko lau kideak: Lantz Unanue (gitarra eta ahotsa), Jon Martinez (baxua eta koruak), Julen Briz (gitarra eta koruak) eta Markel Ibarguren (bateria); azpeitiarrak eta 2004an jaiotakoak laurak. Izan ere, ostiralean hitzordu garrantzitsua dute Azpeitiko Gaztetxean: Azpeitiye desegin musika zikloaren barruan, kontzertua emango dute, 19:00etan hasita. Ukabil gisa taula gainera igoko diren hirugarren aldia izango da etzikoa; abesti berriekin datoz, gainera.
Oso gazteak izanagatik, aspaldi heldu zioten musikari laurek. "Duela bost urte ikastolan eman genuen lehen kontzertua, ikasturte bukaerako jaialdian", kontatu du Unanuek. Ez Ukabil izenpean, eta taldea ere ez zuten kide berberek osatzen, baina esan liteke hura izan zela gaurko Ukabilen sorburua. "Kontzertu hura eta gero musika eskolatik gonbidapena iritsi zitzaigun, ea han hasi nahi genuen. Ordurako gutako pare bat ibiltzen ginen, baina besteak ere hasi egin ziren". Unai Frantzesenaren laguntza izan zuten han eta musika tresna berriak probatzeko aukera ere bai. Horrek taldeari "oinarri musikal sendoagoa" eman diola uste dute, eta nabari dela gaur egun jotzen eta egiten dituzten abestietan.
Handik urtebetera-edo, musika eskolatik Zubi Zaharrerako jauzia eman zuten, han hasi ziren entseatzen. "Hasiera batean abesti ezagunen bertsioak jotzen genituen, edozein estilotakoak, baina Zubi Zaharren sartu ginenean ska-reggae musika jorratzen hasi ginen, tronpetekin-eta", zehaztu du Martinezek. Pixkanaka-pixkanaka taldea egonkortzen joan zela esan dute, bakoitzaren rolak definitzen. Eta Ukabil bezala, duela bi urteko Bertsio Gauean eman zuten lehen kontzertua, Azpeitiko Gaztetxean.
Ordutik, pandemia dela eta, jendaurrera ateratzeko aukera gutxi izan dute, baina lokalean ordu mordoa sartu dituzte, eta euren abestiak egiten ere hasiak dira. "Bertsio Gau hartatik aparte, kontzertu bakarra eman dugu, urtarrilean Gaztetxean, eta orduan dagoeneko jo genituen geuk sortutako hiru bat kanta", azaldu du Unanuek. Ostiraleko kontzertuan ere pare bat abesti berri joko dituztela iragarri dute.
Orain zer musika estilo egiten duten galdetuta, zaila egin erantzutea. "Sekula ez dugu izan estilo jakin bateko musika egiteko asmorik. Irten zaiguna jo izan dugu beti, eta aldaketak ere naturalki etorri dira", azaldu du abeslariak. Zerbait esatekotan, punk-rock-oi estiloetan sartuko liratekeela esan dute, baina matizazio batzuekin. "Saiatzen gara punkaren sinpletasunetik irteten eta musikalki zerbait landuagoa egiten. Zentzu horretan, asko lagundu digu laurok musika eskolan ibili izanak eta beste musika tresna batzuk jotzen ere jakiteak".
Beren kantak egiten hastea urrats garrantzitsua izan dela esan dute gazteek. "Egia esan, hasi ginenetik sortu izan ditugu kantak, baina ez zitzaizkigun jendaurrean jotzeko modukoak iruditzen", aitortu du Brizek. Alde horretatik ausardia irabazi dutelakoan daude, konfiantza gehiago dutela beren buruarekin, eta motibatuta daudela. "Orain arte Unanuek ekarri izan ditu abesti gehienen ideiak, baina besteok ere hasita gaude". Bide horretan jarraitu nahiko lukete aurrerantzean ere, baina helburu zehatzik gabe. "Ederra izango litzateke herritik kanpora kontzerturen bat emateko aukera sortzea", esan du Martinezek.
Etzi, Ukabil taldea ez ezik, Arroite taldea ere igoko da Gaztetxeko agertokira, lehen kontzertua ematera. Horiekin emango diote bukaera Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Azpeitiye desegin musika zikloari. Ziklo horren baitako azken-bigarren ekitaldia, berriz, bihar izango da: Musika eta politika mahai ingurua, 18:00etan hasita.