Uztai Txapelketa Nagusia irabazi du Joanes Balentziaga azkoitiarrak

Julene Frantzesena 2021ko eka. 13a, 13:37

Ander Lizarralderekin batera aritu zen atzo lehian, Tolosako zezen plazan. Sei uztai sartuta irabazi zuten txapelketa horiek, bigarren sailkatu zen bikoteak baino bat gehiago. Xabier Iturralde azpeitiarrak eta Iosu Valenciano itziartarrak bikote onenaren saria eskuratu zuten. Balentziaga eta Iturralde "gustura" dira egindako lanarekin.

Joanes Balentziagak Uztai Txapelketa Nagusia irabazi zuen atzo, zapatua, Ander Lizarralderekin batera. Marques de Saka ganadutegiak antolatuta jokatu zuten lehia Tolosako zezen plazan, eta hamar bikote aritu ziren nor baino nor. Euskal Herriko Txapelketatik sailkatutako lau bikoteetako bat zen Balentziagak eta Lizarraldek osatutakoa, eta plazan Saka eta Eulogio Mateo ganadutegiko behiak izan zituzten aurrez aurre.

Egindako lanarekin gustura da azkoitiarra; izan ere, sei uztai sartuta irabazi zuten txapelketa nagusia. Bigarren sailkatu zen bikoteak, berriz, bost uztai sartu zituen. Lehia aurrera zihoan heinean sentitutako urduritasuna izan du hizpide Balentziagak: "Hamar bikoteetatik hirugarrenak ginen gu lehian, eta bukaera aldean urduritasun pixka bat pasatu genuen, bikote batzuk oso lan ona egiten ari zirelako. Baina azkenean geuk sartu genituen uztai gehien".

Balentziagaren arabera, txapelketa "oso-oso ona" izan zen, "aspaldian" Euskal Herrian "halako mailako" txapelketarik ez zen ikusi. "Polita izan zen. Parte hartu zuten bi ganadutegiek maila oso ona erakutsi zuten, eta errekortariok ere oso ondo aritu ginen".

Gainera, Xabier Iturralde azpeitiarrak eta Iosu Valencianok egindako lana ere aipagarria izan zen; horiek jaso zuen bikote onenaren saria. Errekortari azpeitiarrak esan duenez, "espero bezala maila altuko txapelketa" izan zen atzokoa, bai ganaduari, bai errekortariei dagokienez. Iturralderen ustez, "oso ondo" joan zen ikuskizuna: "Hamargarren bikotea izan ginen, hau da, azkena. 302 zenbakidun Ladrona izeneko behi beltz bat egokitu zitzaigun guri, eta nahikoa ondo moldatu ginen. Hori bai, hiru minutu politak baino exijenteak izan ziren; gogorra egin zitzaigun, egia esan". "Dena ematera" atera zirela esan du errekortariak, eta hori "nabaritu" egin zela uste du: "Ikusleek hala baloratu zuten; izan ere, txalo zaparrada handia jaso genuen".

Azpeitiarrak esker hitzak izan ditu atzo zezen plazan "berotasuna" helarazi zioten lagunentzat eta gertukoentzat, antolatzaileentzat nahiz beren txandan behiarekin laguntzen aritu zirenentzat. "Zaleen berotasunak indarra eman zigun, eta eskerrak eman beharrean gaude. Gainera, eskerrak eman nahi dizkiot Joanes Balentziaga errekortari azkoitiarrari, txapelketaren aurretik euskaldunok urduri geundelako eta denok lasaitzen eta guztioi aholkuak ematen aritu zelako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide