Zabaldu dute Azpeitiko kanpoko igerilekua

Nerea Uranga 2021ko eka. 12a, 15:01

Gaur hasi dute udako denboraldia Azpeitiko kanpoko igerilekuan. Irailaren 12ra bitartean egongo da egunero zabalik 11:00etatik 20:00etara.

Azpeitiko kanpoko igerilekua gaur zabaldu du Azpeitiko Udalak, eta irailaren 12ra bitartean irekita izango da egunero, 11:00etatik 20:00etara. Aurreneko orduetan lainotuta egon arren, goizean dozenaka lagun bildu dira kanpoko igerilekuan.

Pandemia tarteko, kanpoko igerilekura joan ahal izateko, aurrez hitzordua hartu behar da Azpeitiko Udalaren webgunearen bidez. Horrez gain, beharrezkoa da Azpeitiko Udal Kirol Patronatuko bazkidea izatea.

Herritarrek egunero hiru txanda izango dituzte aukeran: 11:00etatik 13:45era, 14:00etatik 16:45era eta 17:00etatik 19:45era. Txanda bakoitzean igerilekuko edukiera mugatua izango da; gehienez 200 erabiltzaile egon ahalko dira aldi berean kanpoko igerilekuaren instalazioetan. Txandak hiru egun aurretik hartzeko aukera izango da, eta erabiltzaile bakoitzak astean hiru erreserba egin ahal izango ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide