Hondartza egun batean otu zitzaien Inhar Aldalurri (Azpeitia, 1994), Egoitz Lazkanori (Azpeitia, 1994) eta Iñaki Markinezi (Azpeitia, 1995) Fisify web aplikazioaren ideia. Eztabaidan ari ziren azken bi horiek, fisioterapeutak izanda, bezeroak maiz joaten baitzitzaizkien kezkekin. "Ba al dakizu zenbat zalantzazko informazio dagoen Interneten?", galdetu ohi du Lazkanok. Sintoma batzuekin hasi eta "edozein astakeria" izateko beldurra adierazten zieten bezeroek bi fisioterapeutei. Orduan, Inhar Aldalurrek –programatzailea da– jendeari zentzuzko erantzun bat emateko algoritmoa sor zezaketela bota zuen.
Hasierako ideia ez zuten "serio" hartu Lazkanok eta Markinezek; ez zuten posible ikusten hori gauzatzea. Aldalurrek, ordea, halako aplikazio bat sortzeko aukeraz konbentzitu zituen. Esan eta egin. Lehen bertsioak pazientea orientatzen zuen. Inkesta bat egin ostean, izan zitzakeen hiru patologia probableenak zerrendatu eta fisioterapia zentroetara bideratzen zituen.
Web aplikazioa argitaratu eta lehenengo ezustekoarekin egin zuen topo hirukoteak. "Kalitatezko zentroetara nahi genituen bidali bezeroak, baina beteta zeuden. Ikusi genuen arazo bat zegoela", azaldu du Lazkanok.
Etxez etxeko zerbitzua eskaintzea izan zen lehen unean bururatu zitzaiena. Aplikazioaren bitartez diagnostiko posiblea jaso, eta zentroen faltan, herriz herri hasi ziren lanean.
Lantaldean pare bat fisioterapeuta izatea motz geratu zitzaien berehala, Lazkanoren arabera: "Hasieran Iñaki eta neu joaten ginen etxeetara. Baina bezeroak gehitzen zihoazen, eta jendea kontratatzeko elkarrizketekin hasi ginen".
Iaz ekin zioten lantaldea handitzeko asmoari, urtarril aldera. "Nahasmena" izan zen hasierako lan erritmoa antolatzea. "Oso konplexua zen logistika hori kudeatzea, eta horretan ari ginela, nola konpondu ez genekiela, izurria etorri zen. Ezin genuen etxez etxe aritu; beraz, geratu egin ginen zentzu horretan".
Etxetik ezin atera
Ordura arte balio izan zien irtenbidea bertan behera utzi behar izan zuten. Etxeratze aginduari probetxua atera zioten, baina. Ohiko bezeroei zein berriei eskaini zieten laguntza. Lazkanok azaldu du bezeroen aldetik ere terapiarekin jarraitzeko asmoa ikusi zutela: "Bezeroek eskatu egiten ziguten etxean egiteko ariketak bidaltzeko. Arraskasta dezente izan genuen, egia esan. Gu ere etxetik genbiltzan lanean, eta ikusgarritasuna izateko eta jendeari laguntzeko modua ere bazen hori".
Aurrez aurrekoaz une batez ahaztu eta digitalizazioaren alde egin zuten, beraz. Fisifyren "potentziala" teknologian zegoela ohartu ziren, eta hirukotearen ezagutza horretara guztiz bideratzea erabaki zuten. Terapiaren prozesua bere osotasunean kontuan hartuko zukeen aplikazioa nahi zuten. Horrela, fisioterapeutak bezeroekin ez dauden uneak zaintzeko software bat sortzeari ekin zion hirukoteak: Aurya.
Lazkanok, terapia bera ez ezik, prozesu guztia gainbegiratzearen garrantzia azpimarratu du: "Fisioterapeuta bezala, astean behin aritzen naiz ordubetez bezeroarekin. Gu saiatzen gara aurreko eta ondorengo momentuetan laguntzen. Terapiak prozesuaren %10ean du eragina; gu gainontzekoan zentratzen gara". Patologia posibleen inkestatik abiatuta, terapia osteko unera arteko prozesu osoa zaintzea da hirukotearen helburua.
Azken horixe bera egiten du Aurya laguntzaile birtualak. Ikusmen artifizialaren bidez, fisioterapeutek bidalitako ariketak egoki egiten diren ziurtatzen du. Joan zen irailean hasi ziren garapenarekin, eta abendurako jada gehitu zuten Aurya Fisifyra.
Eraldaketen hamarkada
Ez da harritzekoa osasun arloan azken urtean eman den aurrerapausoa. Lazkanok dioenez, 2020koa osasunaren digitalizazioaren hamarkada izango da. COVID-19aren pandemiak hamar urtetako eboluzioa pare batera laburtzea eragin du, oraindik egiteko asko badago ere. "Bai ala bai gertatuko zen aldaketa, eta pandemiak dena azkartu du. Gure plataformak badu bidea osasungintzan", azaldu du Lazkanok. Bi arlo horietan –teknologian eta osasunean– lan egiteak "malgutasuna" eskatzen diete, egoera berrietara egokituz. "Hobekuntza bilaketa etengabea da".
Eraldaketak ez dira luzaroan agortuko; Fisifyren garapena "ez da inoiz amaituko". Maiatzean egin zuten finantzazio errondaren bidez –150.000 euro jaso zituzten–, programa hobetzen jarraitzeko asmoa dute Aldalurrek, Lazkanok eta Markinezek. Irailean sakelako telefonorako aplikazioa kaleratuko dute.
Erabiltzaileek ez ezik, enpresek eta erakundeek ere begi onez begiratu dute azpetiarrek sortutako aplikazioa. Ospitaleei, aseguru etxeei, fisioterapia zentroei... negozio eredu desberdinei eskaintzen diete zerbitzua, eta harreman horiek "balioztatzeko" eta finkatzeko helburua ere badute.
Fisify atzerrira zabaltzeko aukera ere ikusten dute hiru gazteek. "Azken finean, gure produktuak duen abantaila honako hau da: software bat denez, hedatzeko arazorik ez daukala", dio Lazkanok. 2022. urte erdira arte Espainian hasi nahi dute prozesua, eta ondoren nazioartera zabaltzea da haien asmoa: "Batez ere ariketa terapeutikoak oso barneratuta dituzten herrialdeak daude aurreratuta: Alemania, Frantzia, Erresuma Batua...". Latinoamerikatik ere iritsi zaizkie eskariak, hango zentroek "interesa" dute. Lazkanok berak zera dio: "Pixkanaka-pixkanaka, pausoz pauso".