Atzo jokatu zituzten Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan erremonteko Sagardoaren XI. Txapelketaren bi finalaurrekoak. Eskualdeko lau pilotari lehiatu ziren bertan, hiru bikotetan banatuta; eta lautik batek, Jagoba Labaka azpeitiarrak, lortu zuen finalera sailkatzea.
Ansa II.arekin bikotea osatuta, Goikoetxeari eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a herrikideari 30 eta 22 irabazita eskuratu zuen finalerako txartela Labakak. Partidarik galdu gabe iritsi dira Ansa eta Labaka finalera. Azpeitiarrarentzat, urteko hirugarren finala izango da Sagardoaren Txapelketarena. Urte hasieran, Urrizarekin batera, Erremonteko Binakako 50. Txapelketa irabazi zuen; martxoan, berriz, Oriamendi Txapelketan txapeldunorde izan zen Labaka, Goikoetxearekin.
Tanto bakar batengatik
Gaueko bigarren finalaurrekoa izan zen erremontista azpeitiarrak tartean izan zituena. Lehendabizikoan, Beñat Segurola aizarnazabaldarrak eta Iban Larrañaga azkoitiarrak osatutako bikotea ezustekoa emateko zorian izan zen, baina tanto bakar batengatik galdu zuten azkenean (30-29) Urriza eta Zaldua faboritoen kontra.
Datorren astelehen gauean, ekainaren 7an, izango da Ansa II.a-Labaka eta Urriza-Zaldua bikoteen arteko finala, Galarretan bertan, ETB1eko Erremontari saioaren barruan.