Promozio mailako Buruz Burukoaren finala jokatuko du Egigurenek

Mailo Oiarzabal 2021eko maiatzaren 29a

22 eta 21 menderatu zuen atzo pilotari azpeitiarrak Jon Erasun, Gernikan jokatu zuten finalaurrekoan. Finala datorren larunbatean izango da, Iruñeko Labriten, eta Pello Etxeberriarekin lehiatuko da Egiguren.

Julen Egiguren pilotari azpeitiarrak Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatuko du. Bart eskuratu du Egigurenek finalerako txartela, Jon Erasuni Gernikan (Bizkaia) jokatutako finalaurrekoan 22 eta 21 irabazita. Joan den asteburuan Jon Alberdi herrikideari irabazita sailkatu zen Egiguren finalaurrekoetara.

Emaitza ezin estuagoarekin lortu zuen garaipena azpeitiarrak, markagailuan gorabahera dezente eta emozio handia izan zuen partida oso gogor batean. 15 eta 9 galtzen joan den Egiguren, baina emaitzari buelta ematea lortu zuen. Azken txanpan, partida erabakitzear zela, saketik falta ere egin zuen, baina azkenean lortu zuen 22ra iristea.

Gaur zortzi jokatuko da Promozio Mailako Buruz-Burukoaren finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Han, Pello Etxeberria izango du zain Egigurenek. Etxeberriak Gernikako atzoko jaialdian lortu zuen finalerako sailkapena, Iker Salaberriari irabazita.

Buruz-Burukoa Egigurenek sei hilabetean jokatuko duen bigarren finala da. Joan den abenduan, Lau eta Erdiko Txapelketaren finala jokatu eta galdu zuen aurrelari azpeitiarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide