Azpeitiko EAJren udal taldeak Corrugados Azpeitiaren irekiera bideratzeko erakunde arteko lan batzordea eratzeko eskatu dio berriro Nagore Alkorta alkateari. Jeltzaleek nabarmendu dutenez, enpresak "argi" utzi du "proiektu sendoa" duela negozio, inbertsio eta ekoizpen planetan, eta horretarako proiektuaren bideragarritasuna bermatzen duen lege-txostenetan oinarritu direla diote. "Enpresak ez dio aterik itxi oraindik udalerrian jarduera berreskuratzeari, eta, beraz, administrazioen artean elkarlanean, enplegua eta aberastasuna sortzeko funtsezkoa den jarduera industriala berreskuratzeko formula egokia aurkitu behar dugu", azaldu du EAJk.
Jeltzaleen arabera, erakundeen arteko lan batzordea eratzeak "eskura dagoen dokumentazio guztia partekatzea" ahalbidetuko luke, eta lantegia berriro irekitzeko aukerarik egokiena zein den aztertuko luke, "hirigintzako eta ingurumeneko baldintza guztiak errespetatuz". EAJkoek gehitu dute Eusko Jaurlaritzak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak "prozesu hori errazteko borondatea" agertu dutela. "Gainera, Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena lortzeko ezarritako baldintzak betetzeko inbertsioak egiteko konpromisoa ere hartu du enpresak. Ez genuke ulertuko alkateak horrelako planteamendu bat atzera botatzea, eta uste dugu azpeitiarrek ere ez luketela ulertuko. Are gutxiago bizi dugun krisi ekonomiko honetan", nabarmendu dute.
Bestalde, EAJk nabarmendu du "ohiz kanpokoa" litzatekeela alkateak halako aukera bat "alferrik galtzen uztea": "Udalerriaren etorkizunerako funtsezko erabakia da, eta eskatzen diogun gauza bakarra da gutxienez ateak irekitzea, elkarrekin lan egin eta egoera aztertzera. Bere ardura da. Oraindik garaiz egongo ginateke hondamendi hau gelditzeko, eta Alkorta andrea egoerak eskatzen duen mailara egotea besterik ez dugu espero". Era berean, adierazi dute "dirurik eskatu gabe" 270 lanpostu zuzen sortu eta 50 milioi inbertitu nahi dituen enpresa bat dela Cristian Lay, eta inbertsio horrek lana ekarriko liekela inguruko enpresei ere. "Beste edozein lekutan pozik hartuko lukete horrelako aukera bat izatea. Hemen, aldiz, alkateak aurpegian atea itxiz erantzun du. Harrigarria litzateke jarrera horretan tematzea", nabarmendu dute.
EAJren udal taldeak "lankidetza" eskaini dio alkateari, eta azpimarratu du "bere borondate politikoaren esku" dagoela proiektuari bide ematea: "Proiektua hasteko gure babesa izango luke, oraingoz aukera erreal, bideragarri eta egiazko bakarra delako, etorkizunean Trukutxoren aukera baztertu gabe".