Cristian Lay taldeak Corrugadosen Azpeitiko herriguneko lantegia ez duela zabalduko iragarri zuen astelehenean, eta zalaparta sortu du albisteak. Azpeitiko EAJk ere hitz egin du gaiaz, haren hitzetan albistea "txarra" baita Azpeitiarentzat. "Krisialdi ekonomiko batean, udalerrian jarduera ekonomikoa eta kalitatezko lanpostua sortzeko aukera galdua".
EAJk esan duenez, daukan "dokumentazio guztia" azpeitiarren eskura jarriko du; izan ere, dokumentazio horrek "gardentasunez eta modu eskuragarrian" zehazten du, "legezkoa eta posible zela Corrugados irekitzea". Horrek "udalak denbora honetan guztian esandako gezur guztiak desmuntatzen" dituela adierazi du alderdi jeltzaleak.
Azken udalbatzarrean –maiatzaren 11n egin zuten–, alkateak "behin baino gehiagotan ukatu zuen proiektu baten existentziaren berri" zuela esan du EAJk. "Astelehenean jakin zen albisteak agerian uzten du bere argudioak faltsuak direla, eta ez duela gaitasunik udalerrian aberastasuna eta oparotasuna sortzeko ekimenak bideratzeko. Gainera, ahal dituen traba guztiak jarri ditu bere bideragarritasuna oztopatzeko".
Bestalde, maiatzeko udalbatzarrean EAJk udalean batzorde bat martxan jartzeko eskatu zuela gogorarazi dute jeltzaileek: "Alkatearen itxikeriak eta Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin modu koordinatuan lanean aritzeari emandako ezetzak garbi uzten du proiektuaren alde egiteko asmorik ez duela". Azpeitiko EAJk esan duenez, "alkateak eta ezker abertzaleak ez dute Corrugados Azpeitian nahi, ez dute Corrugados berriro irekitzea posible dela ondorioztatzen duen legezko txostenik nahi eta ez dute beste erakundeekin lan egin nahi izan". Jeltzaleek salatu dutenez, "herriaren etorkizunaren alde apustu egiten duen industria proiektuei bizkarra ematea erabaki du ezker abertzaleak".