Hirutik hiru partida irabazita, Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetarako txartela eskura du Azpeitiak. Gaur arratsaldean jokatu dute final zortzirenetako itzulerako partida Oñatik eta Azpeitiak Izarraitz pilotalekuan, eta aise gailendu dira Azpeitiko pilotariak. Ilunpekoak abantailarekin atera dira frontoira, eta eroso aritu dira hasieratik amaierara.
Joan zen astean jokatu zuten joaneko partida Oñatin, eta han eskuratutako emaitzen antzekoak lortu dituzte azpeitiarrek gaurkoan. Kadeteetan, 22-2 gailendu dira Urtzi Egiguren eta Beñat Labaka. Jubeniletan emaitza bera –22 eta 2– eskuratu dute Iker Egigurenek eta Josu Labakak. Seniorrek izan dute lan gehien gaurkoan, estu aritu baitira Oñatikoak. Hala ere 22-6 nagusitu dira Daniel Murgiondo eta Unai Alberdi.
Azpeitia 3 eta 0eko abantailarekin atera da frontoira gaur; izan ere, joan zen astean jokatu zituzten joaneko partidetan hirutik hiru irabazi zituzten Ilunpeko pilotariek. Zehazki, kadeteek 2 eta 22 irabazi zuten, jubenilek ere 2 eta 22 garaitu zuten Oñati, eta seniorrak 5 eta 22 gailendu ziren.
Gaurko kanporaketa gaindituta, azpeitiarrek Aretxabaleta edo Hernani –igandean jokatuko dute itzulerako partida– izango dute aurrez aurre final laurdenetan. Kanporaketa guztiak gainditzen dituzten bi taldeek ekainaren 26an jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala.