Afrikatik Europarako bidean gurean kateatuta gelditzen diren errefuxiatuen egoera hizpide izango dute Azpeitian gaur zortzi, maiatzaren 27an. Elkar-ekinek hitzaldia antolatu du egun horretarako, Irungo Harrera Sareko Ion Arangurenekin eta Mamadou Barry Azpeitian bizi den errefuxiatu ginearra. Basabal jauregian izango da hitzaldia, 18:30ean.
"Frantziako eta Espainiako estatuen arteko muga pasabide zaila da Afrikatik datozen eta Europan barrena mugitu nahi duten errefuxiatuentzat. Azken urteetan, milaka izan dira bertan blokeatuta gelditu diren pertsonak: mugikortasunerako eskubidea ukatuta eta poliziak jazarrita. Osasun krisiaren ondorioz, migrazio mugimenduak murriztu egin diren arren, asko dira Irun inguruan noraezean dauden pertsona errefuxiatuak. Datozen hilabeteetan, osasun krisiak gainditzera egiten badu, askoz migratzaile gehiago hurbilduko direla aurreikusi dezakegu", azaldu dute hitzaldiaren antolatzaileek. "Egungo egoeraz eta etor daitekeenaz" hitz egiteko gonbidatu dituzte Aranguren eta Barry.
Irunera joateko gonbita
Hitzaldia ez da datorren asterako errefuxiatuen gaiaren inguruan Elkar-ekinek antolatu duen ekimen bakarra. Hilaren 29an, larunbata, manifestazioa egingo dute Irunen, Harrera Sareak beste hainbat kolektiboren babesarekin antolatuta. Pertsona errefuxiatuen aurkako jazarpenarekin amaitzea eskatuko dute manifestazio horretan eta Elkar-ekinek ere bat egin du deialdiarekin.
Gainera, Azpeititik Irunera joan-etorria egiteko autobusa antolatu dute Elkar-ekinekoek, azpeitiarrei mobilizazioan parte hartzeko gonbita eginez. 15:30ean aterako da autobusa anbulatorioaren aurretik. Doan izango da autobusa, baina bertan joan nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, Elkargunera joanda, elkar_ekin@hotmail.com helbidera idatzita edo 644 961 606 telefono zenbakira deituta.