Lur azpiko aparkaleku publiko berri bat martxan da Azpeitian

Julene Frantzesena 2021eko maiatzaren 18a

43 ibilgailurentzat du lekua lehen solairuan egokitu duten aparkalekuak, eta astelehenetik igandera, 24 orduz izango da irekita. Inguruko bizilagunek 20:00etatik 08:00etara doan aparkatu ahal izango dute bertan. Aparkalekua "errotazio handiko gunea" izan dadin nahi du udalak.

Zabalik da jada 1766ko Matxinada kaleko lur azpiko aparkaleku publikoa. 43 ibilgailurentzat du lekua lehen solairuan egokitu duten aparkalekuak, eta astelehenetik igandera, 24 orduz izango da irekita. Gainera, inguruko bizilagunek 20:00etatik 08:00etara doan aparkatu ahal izango dute bertan, horretarako beharrezkoa den txartela eskuratuta.

Aparkalekua "errotazio handiko gunea" izan dadin nahi du udalak: "Alde Zaharrera enkarguak edo tramiteak egitera doazenentzat ibilgailua uzteko lekua izango da". Horregatik, lehen ordubetea igaro arte 0,20 euro ordaindu beharko da ibilgailua han aparkatzeagatik. Handik aurrerako ordu bakoitza euro bat kostatuko da –minutua 0,0167 euro–.

Alde Zaharraren inguruan kokatutako bigarren lur azpiko aparkaleku publikoa da ireki berri dutena; izan ere, Soreasun ere martxan da 2010az geroztik. Horri lotuta, Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, Soreasuko aparkalekuaren osagarria da 1766ko Matxinada kalekoa: "Soreasuko aparkalekua osatzera datorren aparkaleku berria da 1766ko Matxinada kalekoa. Plaza ingurura edo Alde Zaharrera momentu batean egitekoren batera hurbildu behar duenarentzat pentsatutako aparkalekua da".

Azpeitiko Udalak Alberdieneako etxebizitzak egiten hasterako, 2017an, erosi zuen lur azpian aparkalekua egiteko 1.611 metro koadroko solairua, 415.185 euroren trukean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide