Azpeitiko Orkatz kultur elkarteak 28 urte bete ditu aurten, eta egitarau oparoa prestatu du ekainerako. COVID-19aren pandemia tarteko, aurtengo ekintzarik gehienak Soreasu antzokian, Sanagustin kulturgunean edota Dinamoa sormen gunean izango dira. Besteak beste, liburu aurkezpena, dokumental emanaldia, bertso saioa, dancehall ikastaroa eta emanaldia eta kontzertuak antolatu dituzte urteurrenerako.
Ekainarekin iritsiko dira ekitaldi gehienak, baina jada irekita da sormen erakusketarako lanak aurkezteko epea, baita Pala Txapelketa Mixtoan izena ematekoa ere. Sormen erakusketarako lanak maiatzaren amaierara arte aurkeztu ahalko dira, eta ekainean zehar, aurkeztutako lan guztien erakusketa izango da Orkatz kultur elkartean. Pala Txapelketako izen ematea, berriz, igandean, amaituko da, eta maiatzaren 11tik aurrera hasiko dira partidak jokatzen. Finala, ekainaren 19an izango da.
Bestalde, Floren Aoizen Mamuari so liburuaren aurkezpena eta Izadi Gurasoekin dinamikaren Izadi, espetxean jaiotako atzera kontaketa dokumentalaren emanaldia izango dira Sanagustin kulturgunean; lehena, ekainaren 9an izango da, eta bigarrena, ekainaren 16an. Horrez gain, bertso saioa ere egingo dute ekainaren 11n: Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Ainhoa Agirrezabaldegi bertsolariak izango dira Soreasu antzokiko agertokiaren gainean, 19:30ean hasita.
Egitasmo berria izango da ekainaren 12koa. Raquel Koroma dantzariak gorputzak nola mugitu irakatsiko du. Zehazki, dancehall ikastaroa eskainiko du Dinamoa sormen gunean, 10:30ean hasita. Egun berean, arratsaldean, dantza erakustaldia ere eskainiko du dantzari irundarrak, Nikotina Tolosako taldearekin batera.
Azken bi emanaldiak ekainaren 18an eta 19an izango dira. Ruper Ordorika musikariaren kontzertuaz gozatu ahal izango da ostiralean, Soreasu antzokian, 19:30etik aurrera. Urtemugaren harira antolatutako azken ekitaldia, berriz, zapatuan izango da. Batetik, Pala Txapelketa Mixtoko finala jokatuko dute egun horretan, eta arratsaldean, Iheskide punk-rock taldea izango da Soreasu antzokian, Tinko gurean disko berria aurkezten.
Dagoeneko salgai daude ordainpekoak diren ekitaldi guztietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean.