Immaculate Fools taldearen kontzertua izango da larunbatean Azpeitian

Anartz Izagirre 2021eko maiatzaren 6a

19:00etan hasiko da Britania Handiko taldearen kontzertua, Soreasu antzokian, eta oraindik ere eskura daitezke sarrerak Kulturazen webgunean, 18,50 euroren truke.

Immaculate Fools taldeko abeslaria.

Immaculate Fools Britania Handiko taldeak kontzertua eskainiko du larunbatean, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian, eta oraindik ere eskuragarri daude emanaldirako sarrerak Kulturazen webgunean, 18,50 euroren truke. Ibilbide oparoa duen taldea da Immaculate Fools; 1984. urtean sortu zen Kenten (Erresuma Batua), eta ordutik mundu osoko hainbat agertokitan barrena ibili dira kontzertuak eskaintzen. Immaculate Foolsek 1997. urtean utzi zion kontzertuak emateari, baina Kevin Weatherill taldekieak birfundatu egin zuen taldea 2016an, musikari berriekin. Garai bateko abestiak zein gaur egungoak taularatuko dituzte Soreasu antzokian.

Izatez joan zen irailean ziren kontzertua eskaintzekoak Immaculate Fools taldekoak, Jotakie taldearekin batera zezen plazan jo behar baitzuten. Orduko segurtasun eta osasun neurriek, ordea, ez zuten kontzertu hori egiterik ahalbidetu, eta bertan behera utzi behar izan zuten emanaldia. Horren aurretik, 2020ko martxoan zegoen programatuta kontzertua, baina alarma egoera zela-eta atzeratu egin behar izan zuten emanaldi hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide