Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrena ospatzeko egitaraua aurkeztu zuten aste hasieran, eta egitarau horren barruan gauzatuko duten egitasmo baten xehetasunak eman dituzte gaur. Maiatzaren 28an, Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola izeneko nazio jardunaldia egingo dute Azpeitian.
Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak eta Jakin fundazioak antolatu dute jardunaldia; Sanagustinen bertan izango da, 09:30etik 13:30era, eta jardunaldian parte hartu nahi dutenek hilaren 20a arte eman dezakete izena, bestehamaikabizitzeko@gmail.com helbidera idatzita. Izen-ematea doan da, baina "aforo aldetik mugak" egon daitezkeela aurreratu dute antolatzaileek.
Esperientzia praktikoak eta adituen ekarpenak
"Kulturaren artikulazioa, egoera soziolinguistikoarekin eta soziopolitikoarekin harremanean doa ezinbestean. Horregatik, eredu eta ibilbide bat baino gehiago dago Euskal Herrian, lekuan leku eraikitzen direlako. Azpeitikoa da horietako bat; hau da, herri baten markoan dauden eragileen baturatik datorrena. Baina badira beste ardatz batzuetan artikulatzen dihardutenak, eta horietako esperientzia praktiko batzuk entzuteko parada egongo da maiatzaren 28ko jardunaldian", azaldu dute Azpeitiko antolatzaileek.
Horrela, Azpeitiko esperientziaz gain, Durangoko Plateruena kafe antzokiaren bueltakoa, Baiona-Angelu-Biarritz eremuko euskara sarearena, Bertsozale Elkartearena eta Aloze (Zuberoa)-Iruñeko sortzailetza komunitarioko ekimenena ezagutzeko parada izango da Sanagustin kulturguneko hitzorduan. Enekoitz Esnaolak, Ihintza Orbegozok, Eneko Gorrik, Miren Artetxek eta Ihitz Iriartek hartuko dute hitza, hurrenez hurren, Kultur artikulazioa: nola? Esperientzia praktikoak izenpean egingo dituzten aurkezpenetan.
Horren aurretik, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak egingo du jardunaldiaren sarrerakoa, eta Kultur artikulazioa: zer eta zertarako? galderari erantzunez hitz egingo dute Harkaitz Zubirik (Kultura artikulatu, hobeto bizitzeko) eta Maialen Akizuk (Femurra, haragia eta protesia). Hizlarien arteko mahai inguruarekin bukatuko da jardunaldia.