Soziologoa

Irati Mogollon: "Pertsona helduek ahots propioarekin hitz egiten hasi behar dute"

Ihintza Elustondo 2021eko apirilaren 30a

Zarautzen eta Azpeitian izango da egunotan Irati Mogollon soziologoa, zaintza hizketagai hartuta. Azpeitian ‘Zaintzaren arkitektura’ jardunaldia gidatuko du gaur, Basazabal jauregian.

Azpeitiko Udalak etxebizitza tutelatuak egiteko proiektua jarri du martxan, eta horren harira, zahartzaroaren eta zaintzaren ereduak lantzeko jardunaldia gidatuko du gaur Irati Mogollonek (Lezo, Gipuzkoa, 1991) Azpeitiko Basazabal jauregian, 10:00etan hasita.

Zein da egungo egoera adinekoen zaintzari dagokionez?

Azken hogei urteotan egoera berbera daukagu, baina gertatzen dena da baldintza horiek ez direla azaleratu mundu mailako pandemia bat egon arte. Zahartzaroaren bizi eredua aldatu egin da; gaur egun ez gara zahartzen aurreko belaunaldiak bezala. Izan ere, lehengo belaunaldiek eta oraingoek ibilbide oso ezberdinak ditugu: pertsona zaharrengan pentsatzean, Espainiako Estatuko barrualdetik migratu zuten nekazariak etortzen zaizkigu burura. Gaur egun zahartzen ari direnek unibertsitate ikasketak dituzte, atzerrian bizitzen egon dira, agian ez dira ezkondu... Ez dira senarra hiltzean beltzez janzten direnak eta Manolo Escobar entzuten dutenak. Baina gure eredua oraindik horren arabera eraikia dago, eta hori eraldatzeko garaia heldu da.

Beraz, momentu egokia da eraldaketa hori gauzatzeko?

Ez, uste dut momentu egokia duela 30 urte zela. Iruditzen zait etxeko lanak egin gabe ditugula eta horren ondorioak bizitzen ari garela. Baina herri honetan horrela funtzionatzen dugu: suarekin erretzen garen arte ez gara konturatzen sua pizten hasia zegoela. Ikerlariak zahartze prozesuez hitz egiten ari dira azken 30 urteotan, eta eraldaketa eta trantsizio beharra nabarmentzen dute; eredu berriak behar direla diote. Zoritxarrez, hemen frankismoa bizi izan genuen, eta baby boom-a 30 urte geroago etorri zen; horregatik, Europa guztira baino beranduago iritsi da gizarte zaharkituen eredua gurera. Dena dela ere, ez gara gai izan beste herrialdeetan zeuden ereduak aprobetxatzeko eta geureganatzeko. Orain, larritasun egoera batean gaude, sua nonahi dago, eta halako egoera batean zailagoa da gauzak eraldatzea.

Gaur egungo egitura aldatu beharra dagoela aipatu duzu. Zer gabezia ditu zaintzaren ereduak?

Familia eredua gailentzen da hemen, eta, beraz, norberak daukan familiaren arabera jasoko du era bateko ala besteko zaintza. Halere, denok eduki beharko genuke eskubidea baldintza berdinetako zaintza jasotzeko. Egun, zaintza ereduaren atal handiena modu informalean garatzen da, eta horrek hainbat ondorio ditu: bakardade ez hautatua, oso egoera larrietan bakarrik jasotzen diren etxeko zerbitzuak, zaindu beharrean artatu egiten duten ereduak... Esaterako, adineko bat zahar etxera sartzen denean, ez diote uzten lehen bezala bizitzen: zehaztu egiten diote zer ordutan esnatu behar duen, noiz gosaldu nahiz oheratu behar duen... Hori ez da gure bizi ohituretara egokitzen den egitura bat; gu geu, zaintza baten izenean, egokitu behar gara instituziora, eta hori oso gogorra egiten da. Eta senitartekoentzako beste hainbeste: erruduntasuna, kezka eta abar sentitu ohi dituzte. Gauzak badaude hobetzeko.

Zaintza erakundeek bermatu beharreko eskubide bat al da?

Bai, baina nola? Eztabaida ezin da izan zaintza publikoa ala pribatua; hori diskurtsoa sinplifikatzea da. Aldatu dezagun subjektua: pentsa dezagun haurren heziketaz hitz egiten ari garela. Noski haur eskolak beharrezkoak direla, baina 24 orduz haur bat instituzioek heztea ez litzaiguke ondo irudituko. Hori artatua izatea da. Osasunaz gaindi, zaintzak beste hamaika atal ere zeharkatzen ditu, eta horiei erreparatu behar diegu.

Zein da artatzearen eta zaintzearen arteko ezberdintasuna?

Artatzea da egarririk ez pasatzea, osasuntsu egotea, norbaitek zu begiratzea... Horrelako gauza fisiologikoak barnebiltzen ditu artatzeak. Zaintzak, berriz, planteamendu humano bati erreparatzen dio: pertsona egiten gaituzten ezaugarri soziokulturalei nahiz afektibotasunari. Ez da gauza bera gaizki zaudenean lagun batekin trago bat hartzea edo sendagilearengana joatea. Laburbilduz, eztabaida honen oinarrian dagoen ideia bakarra da: bizitza konplexua baldin bada, bizitza sostengatzeko azpiegiturak ere konplexuak izan behar dira. Ez du balio eztabaida sinplifikatzeak; izan ere, horrela beste egitura autoritario batzuk sortuko ditugu, errealitate heterogeneoaren behar guztiei erantzuten ez dietenak.

Komunitatean bizitzea ahalbidetzen duten ereduak aztertu izan dituzu. Horiek gaur egungo egoerari aurre egiteko alternatiba al dira?
Guk aztertu ditugunak cohousing-ak dira [zenbait eremu publiko dituzten etxebizitza pribatuak]. Planteamendu horiek egiten dutena da bizitzaren aspektu batzuk kolektibizatu, eta saiatzen dira lehengo egituretara itzultzen: izan daiteke Madrilgo corrala bat. Eredu horiek historian zehar garatu dira, eta horiek berreskuratzeko mugimendua dago, baita Euskal Herrian ere.

Arquitecturas del cuidado. Hacia un envejecimiento activista liburua kaleratu duzu Ana Fernandezekin batera. Zer ondorio atera duzue?

Bizitza heterogeneoentzako alternatiba heterogeneoak behar direla, eta horren inguruko ereduak badaudela. Horrez gain, zahartze prozesua politizatzeko beharraz hitz egiten dugu. Horrekin zer esan nahi dugu? Ez dela nahikoa zaintzaz hitz egitea; pertsona helduek beren ahots propioarekin hitz egiten hasi behar dute.

Zaintza duin eta egoki batera bidean, zer egin behar da gauzak hobetzeko?

Batu, hitz egin, eztabaidatu eta politizatu. Ez dago beste biderik; gauzak aldatzeko nik ezagutzen dudan bide bakarra hori da. Gaurko saioa arnasgune bat izango da; izurriteak arnasguneak kendu dizkigu, eta elkar entzutea da abiapuntua. Herriak bakarrik salba dezake herria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide