Azpeitiko EAJ: "EH Bilduk Corrugadosi buruzko nolabaiteko txosten bat ezkutatu du 40 egunez"

Mailo Oiarzabal 2021eko apirilaren 29a

Jarrera "larria", "harrigarria", "itsua eta friboloa" eta "zinikoa" izatea leporatu diote jeltzaleek, besteren artean, Udal Gobernuari, herenegungo udalbatzarraren haritik, eta udal idazkariak egindako txosten juridikoaren balioa zalantzan jarri dute. Gipuzkoako PSE-EEk ere oharra plazaratu du Corrugados aferaz, Azpeitiko EH Bilduri lantegia berriro martxan jartzeko "bere esku dagoen guztia" egiteko eskatuz, besteak beste.

Corrugados Azpeitiaren lantegia berriro martxan jartzearen balizko aukerak piztu duen adierazpen eta iritzi sokak ez du etenik. Gaiaren inguruan EAJk eta EH Bilduk aurkeztutako mozioak eztabaidatu eta bozkatu zituzten herenegungo udalbatzarraren ondoren, eztabaida horren harira eta Udal Gobernuaren jarrera gogor kritikatuz idatzia argitaratu du Azpeitiko EAJk. Eta gaur bazkalondoan igorritako prentsa ohar bidez, Gipuzkoako PSE-EE ere batu da sokara.

"Larria", horixe da Azpeitiko EAJk plazaratu duen idatzian gehien errepikatzen den hitza. Izan ere, larritzat dituzte jeltzaleek EH Bilduren Udal Gobernuak Corrugados enpresaren balizko berrirekitzea dela-eta agertutako hainbat jarrera, eta bereziki kritikatu dute astearteko udalbatzarrean gertatutakoa. Bilkura horretan, mozioen eztabaidaren barruan, udaleko idazkariak egindako txostena eman zien EAJren udal ordezkariei Nagore Alkorta alkateak. Corrugados berriro Amueko eremuan irekitzeko lege eta arau baldintzak ez direla betetzen dio txostenak, alkateak herenegun azaldu zuenez; Udal Gobernuak "berez" ez zuela txosten hori emateko beharrik ere esan zuen Alkortak, baina Corrugadosen inguruan sortutako "zalapartak eta zurrumurruak" bultzatuta erabaki zutela ematea –EAJren udal taldearen mozioaren eskaera nagusia zen udalari esku artean zituen txostenez galdegitea–. Udal idazkariak egindako txostena eta Udal Gobernuak agiri hori aurkezterakoan izan duen "atzerapena" kritikatu ditu Azpeitiko EAJk bere idatzian. "EH Bilduk Corrugadosi buruzko nolabaiteko txosten bat ezkutatu du 40 egunez", diote jeltzaleek, eta txosten hori "sakonean aztertzeko asmoa" adierazi dute.

Corrugadosen gaineko mozioen lanketa atzeratu izana ere egotzi dio EAJk Udal Gobernuari, eta jokabide hori "larria" dela dio. "Azpeitian ehundaka lanpostu berri sortzeko aukera ezohiko bezain harrigarria usteltzen uztea" izan da, EAJkoentzat, atzerapenaren helburua. Argudio horretan sakondu dute, gogor, Udal Gobernuaren kontra: "Larria bezain harrigarria EH Bilduren Udal Gobernuaren jarrera itsua eta friboloa, EH Bilduk begiak ixtea aukeratu duelako, herrian makina bat jendek pairatzen duen beharrari ez ikusiarena eginez. Larria bezain zinikoa, bere kontra-mozioak dioen bezala, "lanpostuak sortzeko aukerarik txikiena ere lantzeko duen prestutasuna" azaldu duelako, lotsagabe, lanpostu baten beharrarekin enpresara curriculuma bidali duten ehundaka herritarrei aurpegira barre eginez".

EH Bilduk herenegun aurkeztutako –eta onartutako– mozioaren edukiaz, berriz, "hitz hutsez jositako hutsalkeri hutsa besterik ez" dela diote jeltzaleek, "friboloa eta harrigarria, azpeitiar askorentzat ogibidea izan zitekeen aukera alferrik galtzeko ahalegin burugabean tematuta". Izan ere, Azpeitiko EAJren ustez, Corrugados berriro martxan jartzeko aukerari muzin egin dio Udal Gobernuak; "EH Bilduk Azpeitian eraiki duen horma aurrez aurre dugula kontziente gara", diote.

Alkateak udalbatzarrean izandako jarrerarekin ere ez daude batere ados Azpeitiko EAJkoak. "Larria iruditzen zaigu osoko bilkuran alkateak gurekiko erabilitako jarrera prepotente eta mingarria. Oso larria, prepotentziaz blai, bere aldeko tesia mantentzen duen nolabaiteko txosten juridikoa eztabaida amaitutzat eman arte ez azaldu izana, nahiz eta txostenak martxoaren 17ko data izan", diote, batetik, Udal Gobernuak txostena "ezkutatuta" izan duela berriz leporatuta. "Baina benetan mintzen gaituena ez da gu mindu nahi izana, EH Bilduren alkatetzaren eskuetan Azpeitia noraezean ikustea baizik", diote jeltzaleek, Corrugados martxan jartzeko "aukerarik txikiena" dagoen bitartean ez dutela etsiko berretsi aurretik.

Eneko Anduezaren adierazpenak

Eneko Andueza Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusiak ere egin ditu adierazpenak Corrugadosen aferaz. Azpeitiko EH Bilduri zuzendu zaio Andueza. Duela zortzi urte itxi zen lantegiari "bigarren bizitza" emateko aukera ireki dela iritzita, Corrugados berriro martxan jartzeko "bere esku dagoen guztia" egiteko eskatu dio Anduezak Azpeitiko EH Bilduri.

Gipuzkoako sozialisten buruak dio "aukera handi baten aurrean gaudela" eta Corrugadosen balizko berrirekitzeak "ilusioa" piztu duela, Azpeitian ez ezik, "Gipuzkoan eta Euskadin" ere. Enpresa berrabiarazteak lanpostuen sorreran izango lukeen inpaktua nabarmendu du Anduezak, "200 lanpostu zuzen eta zeharkako ia 700 sortzeaz hitz egiten ari baikara".

"Erakundeek elkarrekin lan egiteko" eskatu du Anduezak. Corrugadosena bezalako kasuetan "ingurumen legea betetzeko betebeharra eta lanpostuen sorrera bultzatzekoa" uztartzea izan behar da erakundeen egitekoa. Horren harira, herenegungo udalbatzarrean " zoritxarrez elkar ulertzera iritsi ez izana eta Corrugados berriro irekitzeko aukeraren aurrean jarrerak hurbildu ez izana" deitoratu du.

Erakundeen ardurarekin jarraituta, "Corrugadosen produkzio jarduera berriro sustatzeko aukera ikusita, Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, bakoitzak bere erantzukizunetik, proiektu hau bultzatzeko unea dela" uste du Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak. Anduezarentzat, baina, Azpeitiko Udal Gobernuari dagokio erantzukizun nagusia, eta EH Bilduren jarrera kritikatu du. "Aukera leiho bat irekitzen denean, gipuzkoarrok berriz ere EH Bilduren ezintasunarekin topo egiten dugu", adierazi du Gipuzkoako sozialisten buruak. "Ulergaitza eta zentzugabekoa iruditzen zaigu, COVID-19ren pandemiak eragin duen jarduera ekonomikoaren murrizketaren ondorioz krisi ekonomikoaren okerrena pairatzen ari garen honetan, langabeziaren hazkundearekin, EH Bilduren Udal Gobernuak aukera hori pasatzen uztea", gaineratu du Anduezak, baita "aukera galtzea lotsagarria" litzateekela ere. Eta Nagore Alkorta alkateari ere zuzendu zaio Andueza, "Corrugadosen produkzio jarduerari berrekitea babesten duen edo ez argi esan dezan" galdeginez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide