Eskola kirol egokitua sustatzeko lantaldea aurkeztu dute Azkoitian

Urtzi Oteiza, Mireia Galarza eta Aitziber Arzallus 2021eko apirilaren 28a

Azpeitiko eta Azkoitiko udalek, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Marea Urdina elkarteak parte hartuko dute lantaldean. Lehen urratsa eginda, desgaitasunak dituzten haurrekin, gazteekin eta haien familiekin biltzen hasiko dira aurki, dituzten premien eta interesen berri izateko eta horiei bide emateko.

Aniztasun funtzionala duten 6 eta 21 urte bitarteko haurrei eta gazteei kirolerako eskubidea bermatzeko, lantaldea sortu dute Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Marea Urdina elkarteak. Atzo aurkeztu zuten lantalde hori, Azkoitiko Elkargunean egin zuten agerraldian. Lantaldea sortzea lehen urratsa besterik ez dela nabarmendu zuten han bildu ziren erakundeetako eta eragileetako ordezkariek, inklusioaren bidean oraindik lan asko dagoela egiteko. Dena dela, elkarlanerako gogoa eta borondatea badituztela adierazi zuten denek, eta jarriko dituztela beharrezkoak diren baliabideak eta erremintak ere.

Sarea osatuta, aniztasun funtzionala duten haurrekin, gazteekin eta haien familiekin biltzea izango da hurrengo urratsa, haien premien berri izateko, kirol egokitua praktikatzeko duten interesa ikusteko eta horiei bide emateko. Horretarako, erakundeak jarriko dira familiekin harremanetan eta informazio saio irekiak antolatuko dituzte Azkoitian eta Azpeitian. Datarik ez dute jakinarazi oraingoz.

Atzoko aurkezpen ekitaldian, lantaldean parte hartuko duten erakunde eta eragile guztietako ordezkariak izan ziren, eta Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Kultura zinegotzia izan zen hitza hartzen aurrena. Haren esanetan, Azkoitiko Udalak aurretik ere egin ditu ahaleginak aniztasun funtzionala duten ikasleentzat kirol eskaintza hobetzeko, baina uste du indarrak batzeak «beste dimentsio bat» emango diola asmo horri, eta etorkizuneko beharrei aurrea hartzeko balioko duela. "Inklusibitatea aipatzen dugu, baina inklusibitateak antolakuntza eta baliabideak eskatzen ditu, eta, batez ere, borondatea. Zentzu horretan, pausoak emateko prest gaude, gizarte hobeago bat eraiki dezakegulako denon artean".

Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko zinegotziak eskola kirolak eta, oro har, kirolak barnebiltzen dituen balioak azpimarratuz hasi zuen hitzartzea, eta adierazi zuen orain arte horiek praktikatzeko modurik izan ez duten herritarrei aukerak ematea dela proiektuaren helburua. "Alde batetik, arazo eta desgaitasun desberdinak dituzten ikasleei eta herritarrei kirola egiteko aukera zabaldu nahi diegu; eta bestetik, beraien gelakideek, lagunek eta herritarrek dituzten aukera berdinak eskaini, beharrezko baliabideak eta leku erosoak eskura jarrita". Goenagaren hitzetan, hori baita inklusioa: "Herritar guztiok, denok batera, espazio berberetan eta modu berean kirola gauzatzeko aukera edukitzea". Proiektuaren garrantzia nabarmendu zuen, "gizarte behar bati erantzuten diolako".

Prozesuaren hasiera

Amaia Elizondo Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren ordezkariak ere txalotu egin zuen lantaldearen sorrera. "Eskola kirolerako aukera izatea eskubide bat da, baina orain arte desgaitasuna duten haurrek eta gazteek urratuta ikusi dute eskubide hori; ez zaie aterik ireki". Abiatu berri dutena "prozesu bat" izango dela adierazi zuen, "hau hasiera besterik ez" dela. Federazioko kidea "harro" agertu zen "horrelako talde indartsu baten parte izateagatik".

Aritz Orbezgozo Marea Urdina elkarteko kidea ere "eskertuta eta gustura" agertu zen lantaldearen sorreragatik. "Gure senideak gizarteratzeko garaian, kirolak garrantzi handia dauka, eta eskola kirol inklusibo eta egokituaren alde bi udalak eta federazioa elkarlanean ikustea guretzat oso pozgarria da, eta harro sentitzen gara bailara honetaz". Erabiltzaile zein laguntzaile gisa, Marea Urdina "beti lanerako prest" egongo dela jakinarazi zien lantaldeko gainontzeko partaideei; "nahi duzuenerako hor izango gaituzue".

Bukatzeko, Unai Asurmendi Gipuzkoako Foru Aldundiko kiroletako plangintza teknikariak hartu zuen hitza. Haren arabera, gipuzkoarren %10ek desgaitasunen bat dute, baina diputazioaren kirol politiketan %10era ez da iristen ikuspegi hori; beraz, badute eskaintza berrantolatzeko beharra. "Ekitatea daukagu jomuga, eta legez daukagu derrigortasuna, kirola eskubidea delako. Eskubide hori gauzatzeko orain arte ez zegoen ez begiradarik ez balibiderik, eta gaurko argazkiarekin, argi eta garbi gelditzen da begirada hori txertatua daukagula". Lehenengo saiakera izanda, denean ez dutela asmatuko aurreratu zuen, baina saiatzeko konpromisoa hartu zuen."Emaiguzue aukera, familiak gonbidatzen zaituztegu ekimenean parte hartzera, eta aurki izango duzue gure deia proiektuan parte hartzeko. Guztiok gonbidatuta zaudete, guztiok lekua daukazue, eta ea lortzen dugun %10 horrek bere kirol eskubidea bermatua aurkitzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide