Juaristi ISBk Urrezko LEB ligara igotzeko lehen urratsa egin du

Julene Frantzesena 2021eko apirilaren 19a

Atzo arratsaldean Azpeitiko kiroldegian jokatu zuten Juaristi ISBk eta Bartzelona Bk Urrezko LEB ligarako igoera faseko joaneko norgehiagoka, eta etxeko taldeak 65 eta 59 irabazi zuen partida. Horrenbestez, datorren asteburuan sei punturen aldearekin joango da Azpeitiko eta Azkoitiko taldea Bartzelonara, itzulerako partida jokatzera.

Hitzordu garrantzitsua izan zuen atzo, igandea, Juaristi ISB taldeak Azpeitiko kiroldegian; izan ere, Urrezko LEB ligara igotzeko bidean lehen urratsa egin zuen Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak. Bartzelona B taldea izan zuten aurrez aurre Iraurgiko gizonek, eta 65 eta 59 irabazi zuten partida. Horrenbestez, datorren asteburuan sei puntuko aldearekin joango dira Iñaki Jimenezen mutilak itzulerako partida jokatzera, Bartzelonara. Pauso garrantzitsua eman zuen atzo taldeak, baina oraindik ez dago ezer erabakita; datorren asteburuko partida erabakiorra izango da; Bartzelona B-k edo Juaristi ISBk, bietako batek lortuko du Zilarreko LEB ligatik Urrezko LEB ligara igotzeko txartela.

Atzoko partidan gehiago izan zen Juaristi ISB, baina bitan aurretik izan da Bartzelona B taldea: partidaren lehen laurdena 14 eta 15 amaitu zen. Bigarren laurdenean aurre hartu zion markagailuan Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak; markagailua 31 eta 21 zela iritsi zen partida atsedenaldira. Hirugarren laurdenean askoz ere saskiratze gehiago gauzatu zituen Bartzelona Bk, eta puntu baten aldearekin, Kataluniako taldeak aurre hartu zion ISBri (43 eta 44). Azken laurdenera, beraz, estu-estu iritsi zen neurketa, baina Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak indarrak batu, eta 22 puntu saskiratu ahal izan zituen –15, berriz, Bartzelona Bk–. Horrenbestez, joaneko partida etxeko taldearentzat izan zen. Partidako jokalari onena ISBko Buckingham izan zen, hamalau puntu batuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide