Erremonteko Oriamendi Txapelketa irabazi du Beñat Segurola aizarnazabaldarrak

Mailo Oiarzabal 2021eko martxoaren 28a

Zaldua I.arekin bikotea osatuta, 40 eta 26 gainditu zituzten Goikoetxea V.a eta Jagoba Labaka azpeitiarra atzo, Galarreta pilotalekuan jokatutako finalean.

Eskualdeko bi pilotarik zuten erremonteko Oriamendi Txapelketa irabazteko aukera, eta txapela, azkenean, Aizarnazbalera joan da. Beñat Segurolak, Zaldua I.arekin batera, irabazi zuen atzo Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan jokatutako finala, Goikoetxea V.a eta Jagoba Labaka azpeitiarra 40 eta 26 mendean hartu ondoren.

Partidarik galdu gabe iritsi ziren finalera Goikoetxea eta Labaka, baina partida erabakigarrian nagusitasunez irabazi zieten Segurolak eta Zalduak. Garaipen argia eskuratu zuten txapeldunek, emozioari tarte gutxi utzi zioten finalean. Aizarnazabalgo aurrelaria izan zen finaleko pilotaririk onena: hemeretzi tanto sinatu zituen eta xapelketan zehar erakutsi duen maila berretsi zuen atzo Segurolak. Labakak ere lan ona egin zuen, baina Goikoetxearen egun txarrak eta Segurolaren nagusitasunak guztiz baldintzatu zuten finala.

Finalaren aurretik jokatu zen txapelketaren hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida. Hor ere tartean izan zen eskualdeko pilotari bat, Joxin Aizpuru, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zen azpeitiarra. Gero finalean gertatuko zenaren antzera, lehen partida horretan ere markagailuan alde handia izan zen: Mirubiak eta Martirenak 40 eta 23 irabazi zieten Urrutia III.ari eta Aizpuru III.ari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide