Pandemiak pandemia, ekitaldiz eta egitasmoz beteta ari da ospatzen Lagun Onak Mendi Bazkuna bere 75. urteurrena. Atzo, urteurren horren harira prestatu duten beste egitasmo bat aurkeztu zuten Azpeitiko mendizale elkartekoek: Joxe Urbieta Takolo zenari eskainitako erakusketa. Mendizaleen egoitzan bertan jarri duten erakusketa maiatzaren 30era bitartean egongo da ikusgai; aurtengo Xoxoteko Egunera arte, alegia.
Enekoitz Esnaolaren eta Julen Etxeberriaren proposamenari eutsita antolatu du Lagun Onak MBk Takolori buruzko erakusketa. 2000. urteko abuztuaren 12an hil zen mendizale azpeitiarra eta 2001ean argitaratu zuen Uztarriak Takoloren biografia liburua, Esnaolak idatzitakoa. Etxeberria, berriz, Takoloren iloba da, eta osabak gordetako hainbat tresnarekin osatu dute erakusketa: hainbat argazki eta prentsa errekorte ez ezik, Takolok mendian erabilitako hainbat material jarri dute erakusgai, tartean Everesteko espedizioan erabilitakoak, eta hori da erakusketaren "berritasun nagusia". Esnaolak aurkezpenean azaldu zuen iazko karnabaletan bururatu zitzaiela Etxeberriari eta berari erakusketaren ideia, eta joan den udazkenean proposatu zieten Lagun Onakekoie; pandemiaren gorabeherek atzeratu egin zuten asmoa, baina gauzatu dute, azkenean.
Arrastoa utzi zuen gizona
Joxe Takolo mendizale aitzindaria izan zen, batik bat Azpeitian eta inguruetan. Haren mendiko ibilbidearen eta izaeraren zertzelada batzuk eman zituen Esnaolak erakusketaren inaugurazioan. Takoloren lagun batzuek hura hil berritan komunikabideetara igorritako gutun batean ziotena ekarri zuen gogora kazetariak amaieran: "“Zure ametsa bete da: igaro izan zaren lekuetan zure arrastoa utzi duzu”. "Erakusketa honekin berriro oroitu nahi da Joxe", esan zuen Esnaolak. Takolok utzitako arrastoaren adibide bat izan zen Lorenzo Nogues mendizale aragoiarrak atzokorako espreski bidalitako grabazioa; Takoloren lagunmina, Azpeitian egotekoa zen atzo, baina pandemiaren gorabeherek ezinezkoa egin dute haren asmoa. Horregatik, hunkituta grabatutako hitz batzuk bidali nahi izan zituen, Takolori gorazarre eginez.
Arantxa Larrañaga Lagun Onak MBren lehendakariak ere hartu zuen hitza inaugurazioan. Esnaolaren eta Etxeberriaren ekimena eskertu ditu eta herritar guztiak gonbidatu zituen bai atzotik ikusgai den erakusketa ikustera, bai elkarteak dagoeneko martxan dituen zein datozen hilabeteetan antolatuko dituen ekimenetan parte hartzera.