Corrugadosen auzia gaiztotzen ari da egunak aurrera joan ahala. Azpeitiko Udalak, herritarren aurrean "garden" jokatzeko intentzioarekin, batzar irekia antolatu zuen herenegun, eta jakin-mina sortu zuen herritarren artean, dozenaka izan baitziren Soreasu antzokira bertaratu zirenak. Batetik, Nagore Alkorta alkateak eta Josu Labaka udaleko zinegotzi eta Hirigintza batzordeburuak gaur-gaurkoz gauzak nola dauden azaldu zuten, eta bestetik, herritarrek beren iritziak eta zalantzak plazaratzeko aukera izan zuten.
Labaka izan zen hitza hartzen aurrena, eta argi utzi zuen han ez zeudela euren gogoz. "Ez genukeen hemen egon nahi, ezta gai honen inguruan publikoki aritu ere", besteak beste, "Corrugados irekitzeko aukera txikienik balego, mesederik ez diolako egiten gaia publikoki astintzeak; baina hala erabaki dute, hala egin dute, Azpeitia zurrunbilo mediatiko baten erdian kokatu dute, eta Corrugadosen gaia bolo-bolo dabil medioetan eta bazter guztietan". Egoera hori izanda, azalpenak ematera "behartuta" sentitu direla adierazi zuen zinegotziak, eta gauzak ahalik eta modu "objektiboenean eta zehatzenean" azaltzen saiatzeko konpromisoa adierazi zuen.
Jarraian, Alkortak, Udal Gobernuaren jarrera zein den azaldu zuen. Azken asteotan behin baino gehiagotan adierazi duen moduan, udalak lanpostuak sortzeko daukan interesa berretsi zuen, baita aukera posible guztiak aztertzeko prestutasuna ere; hori bai, "aukera legal guztiak; berme juridiko, ingurumen baimen eta hirigintza arau guztiak" betetzen dituztenak. Zentzu horretan, Amueko eremuan Corrugadosen jarduera berrabiarazteko aukerarik ez dutela ikusten esan zuen, horretarako zirrikiturik ez dutelako uzten 2009an onartutako Urola Kostako Lurralde Antolamendurako Plan Partzialak eta 2013an onartutako Azpeitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrak. "2009ko plan hori espresuki egin zen Amue eremuko jarduera industriala Trukutxora lekualdatzeko, Espainiako eta Europako zuzentarauek eskatzen dutelako jarduera industrialak eta bereziki klasifikatuak herrigunetik ateratzea", zehaztu zuen alkateak.
Horiek horrela, eta azken asteetan esandakoaren bidetik, Corrugadosen jarduera berrabiaraztekotan Trukutxo eremuan izan beharko duela adierazi zuen alkateak, eremu horrek baldintza hobeak eskaintzen dituelako. Trukutxo eremua jarduera industrialerako eremu gisa izendatuta dagoela esan zuen, eta lantegiaren eraikina izango litzatekeena ere eginda dagoela. Horrenbestez, Alkortaren esanetan, "enpresarentzat askoz errazagoa izango litzateke eremu horretarako baimenak eskuratzea".
Azken asteetan komunikabideetan hautsak harrotu diren arren, enpresaren aldetik ezer gutxi jaso dutela gaineratu zuen alkateak. "Gaur-gaurkoz, oraindik udalak ez dauka ez enpresaren bideragarritasun planik, ez negozio planik, enpresak udalean ez duela aurkeztu proiektu teknikorik, ez jarduera martxan jartzeko eskaera ofizialik, ezta ingurumen inpaktuaren aurre azterketarik ere".
Enpresaren arduradunekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin gaur arte izandako hartu-emanak ere xehatu zituen alkateak. Haietako gehienen berri aurretik ere emana zen, baina herritar batek egindako hausnarketaren harira, asteon bertan enpresako semearekin izandako telefono bidezko elkarrizketa batean hitz egindakoak kontatu zituen herritarren aurrean. Alkortaren esanetan, Trukutxo eremurako proposamena aztertzera esertzeko konpromisoa helarazi zion enpresaburuak, baldin eta Jaurlaritzako eta diputazioko ordezkariak ere mahai horren bueltan esertzen baziren. Handik ordu gutxira, alkateak berak aurrerapen horren berri eman zien udaleko Hirigintza batzordeko EAJren udal ordezkariei, eta horren ostean enpresaburuaren beste dei bat jaso zuen, kontrakoa jakinarazteko; alegia, ez zela Trukutxoko aukera aztertzera eseriko adierazteko.
Horiek eta beste hainbat kontu argitu ostean, herritarrek iritziak eta zalantzak plazaratzeko aukera izan zuten, eta Labaka eta Alkorta saiatu ziren haiei argi pixka bat jartzen. Batzuek, udalari eskerrak emateko hartu zuten hitza, batzar irekia antolatzeagatik; eta besteek, adierazteko ez luketela herrigunean Corrugadosen laberik piztuta ikusi nahi. Pare bat herritar kezkatuta agertu ziren Amue eremuko lantegiaren balizko irekieragatik, handik gertu bizi direlako. Beste batek auziaren inguruan herri galdeketa egiteko asmorik ba ote duten galdetu zien udal ordezkariei, eta, momentuz, aukera hori aztertzen ez direla ari erantzun zion Labakak. "Herriari zerbaitegatik galdetzeko, zerbait izan beharko genuke esku artean, eta ez gaude fase horretan". Dena dela, beharra sortuko balitz, arazorik ez luketela izango adierazi zuen zinegotziak.
Tapia, gogor
Heregungo batzar irekian udalak bere ikuspegia garbi utzi zuen arren, Corrugadosen auziak zeresana ematen jarraitu du eta jarraituko du. Atzokoan Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua izan zen zen hitz egin zuena, eta gogor hitz egin ere. Haren esanetan, Hirigintza Planak ez du debekatzen Corrugados Amuen irekitzea. "Plan Orokorrak baimentzen du; ez da hirigintza arazorik, baina arazo politiko bat dago", ziurtatu zuen sailburuak, atzo eguerdian Gasteizen egindako adierazpen publiko batean. Haserre azaldu zen, uste duelako Azpeitiko Udalaren jarrerak "700 lanpostu arriskuan" jartzen dituela.