Haimar Etxeberriak irabazi du San Jose Txirrindularitza Sariaren XXXVIII. edizioa

Julene Frantzesena 2021eko martxoaren 14a

16:00etan hasita, 77 kilometroko ibilbideari egin behar izan zioten atzo aurre kirolariek, Azpeitia eta Zestoa inguruetan. Buruntzazpi taldeko Haimar Etxeberria izan zen nagusi, proba bi ordu eta zortzi minututan bukatuta. Mendiko saria bigarren sailkatutako Unai Zubeldiarentzat izan zen, eta taldekako saria Ampo-Ikolan Sportsek irabazi zuen.

San Jose Sariaren XXXVIII. edizioa jokatu zuten atzo, zapatua, Azpeitian, junior mailko txirrindulariek. 16:00etan hasita, 77 kilometroko ibilbideari egin behar izan zioten aurre kirolariek. Zehazki, Ikasberri Ikastolaren paretik hasi zuten Azpeitia eta Zestoa artean gauzatu zuten lasterketa, eta 18:00ak pasatuta iritsi ziren Loiolako hiribidean kokatuta zegoen helmugara.

Buruntzazpi taldeko Haimar Etxeberria izan zen nagusi, proba bi ordu eta zortzi minututan bukatuta. Dena den, helmugara Unai Zubeldiarekin (Limousin-Oriako taldea) bateratsu iritsi zen; bigarren sailkatu zen Zubeldia, Etxeberria baino segundo bat geroago pasatu baitzuen helmuga. Hirugarren, berriz, Beñat Carbayeda (Buruntzazpi) helmugaratu zen, irabazlea baino 42 segundo geroago. Lagun Onaken Atracciones Sanz taldeko lehen txirrindularia, berriz, Iñaki Arzallus izan zen; 28. iritsi zen helmugara azpeitiarra.

Ikasberri Ikastolako gimnasioan egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta lehen hiru sailkatuek ez ezik, taldekako saria eta mendikoa ere banatu zituzten. Taldekakoa Ampo-Ikolan Sports taldearentzat izan zen, eta mendiko saria, berriz, lasterketan bigarren sailkatutako Unai Zubeldiarentzat izan zen.

Hona hemen Txirrindulariak-ek Youtuben eskegi duen lasterketaren bideoa:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide