Eskualdeko lau erremontistak jokatuko dituzte Oriamendi Txapelketako finalerdiak

Andoni Elduaien 2021eko martxoaren 12a

Labaka eta Aizpuru III.a azpeitiarrek eta Segurola eta Mirubia aizarnazabaldarrek lortu dute finalerdietara sailkatzea. Iban Larrañaga azkoitiarra, berriz, txapelketatik kanpo gelditu da.

Jagoba Labaka eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a erremontista azpeitiarrak eta Beñat Segurola eta Joseba Etxeberria Mirubia erremontista aizarnazabaldarrak Oriamendi Txapelketako finalerdietara sailkatu dira. Atzo, osteguna, jokatu zituzten lehen faseko azken jardunaldiko partidak, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Segurolak eta Zaldua I.ak 40 eta 38 hartu zituzten mendean Urrutia II.a eta Aizpuru III.a. Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak eta Zaldua II.ak, berriz, 40 eta 32 irabazi zioten Mirubia eta Martirenari. Labakak, ostera, martxoaren 4an jokatu zuen ligaxkako azken partida; Goikoetxea V.a erremontista lagun, 40 eta 36 irabazi zioten Etxarriri eta Zubiriri.

Goikoetxea V.ak eta Labaka azpeitiarrak lehen postuan amaitu dute ligaxkako fasea, hogei puntu batuta; bigarrenak izan dira Segurola aizarnazabaldarra eta Zaldua I.a, hamasei punturekin; hirugarrenak Urrutia II.a eta Aizpuru III.a azpeitiarra, hamalau punturekin; eta sailkapena lortzen azkenak Mirubia aizarnazabaldarra eta Martirena izan dira, hamar puntu eskuratuta. Zaldua II.ak-Larrañaga azkoitiarrak zazpi puntu batu dituzte eta Etxarrik eta Zubirik lau puntu; azken bi bikoteak txapelketatik kanpo gelditu dira.

Finalerdiak martxoaren 18an jokatuko dituzte Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa). 17:30ean hasita, Goikoetxea V.ak eta Labakak osatutako bikoteak Mirubia-Martirena bikotearen aurka jokatuko du lehen finalerdia. Bigarren finalaurrekoan, berriz, Segurola-Zaldua II.a eta Urrutia II.a-Aizpuru III.a bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide