Ahal den bitartean, iraun

Ihintza Elustondo 2021eko otsailaren 26a

Osasun krisiak sektore ugari kolpatu ditu, eta horien artean da taxi gidariena ere. Mugak tarteko, izugarri murriztu zaie lana, eta ahal bezala "aguantatzen" ari dira.

Ohi baino ibilgailu gehiago daude Azpeitiko taxien geralekuan, bata bestearen atzean aparkatuta. Eguneroko argazkia bilakatu da hori azken boladan. Ez lehengo bezerorik, ez bidaiarik, ez ilusiorik. Eta horrenbestez, hantxe orduak pasatu behar. Ostalariek nahiz merkatariek bizi duten egoera ahoz aho dabilen garaiotan, isildutako sektorea bilakatu da taxi gidariena. Hori horrela izanagatik ere, ez daude haiek egoera hobean. "Lan egin nahi dugu, baina ezin dugu. Oso gaizki pasatzen ari gara".

Azpeitiko taxi gidariak dira Ramon Apalantza (Errezil, 1955), Beatriz Mendizabal (Azpeitia, 1975), Xabier Osinalde (Azpeitia, 1975) eta Jose Inazio Garagarza (Azpeitia, 1967). COVID-19 gaitza inguruotan hedatzen hasi zenetik, guztiei "izugarri" gutxitu zaie lana. Dena den, egoeraren arabera, batzuei gehiago eta besteei gutxiago eragin die izurriteak. Gidari batzuek enpresekin hitzartutako zerbitzuen ardura dute, eta beste batzuek herritarren deien arabera soilik lan egiten dute. Hori dela eta, oso ezberdina da gidari bakoitzaren egoera, baina guztiek hartu dute "sekulako kolpea".

Apalantzari %80 murriztu zaio lana. "Nik ez daukat lan finkorik, ez daukat enpresekin-eta ezer hitzartuta. Herritarrek deitzen didatenean soilik sortzen zait lana. Horregatik, geltokian igarotzen dut eguna, norbaitek nire zerbitzua beharko balu ere. Egunean hamar-hamabi ordu ematen ditut Azpeitiko taxi geralekuan, eta egun batzuetan eurorik irabazi gabe itzultzen naiz etxera. Urtebete da auto berria ekarri nuela, eta duela gutxi egin diot aurreneko azterketa: 25.000 kilometro soilik egin ditut urtebetean, eta erdiak etxera joaten eta etortzen, Errezilen bizi bainaiz".

Mendizabali ere asko murriztu zaio lana azken urtean, baina haren egoera ez da Apalantzaren bera. "Nik Eguneko Zentroaren zerbitzuaren ardura dut. Duela bi urte hasi nintzen erabiltzaileak Eguneko Zentrora eta handik etxera eramaten, eta horri esker eutsi diot egungo egoerari. Horrez gain, eskolako umeen zerbitzu baten ardura ere badut, eta bi lan horiei esker lortu dut aguantatzea".

Bat nahikoa ez, eta etxe berean bi; Mendizabalen senarra –Osinalde– ere taxi gidaria da. Hark dioenez, hasieran "ondo" etorri zitzaien geldialdia: "Lana dela eta, emazteak eta biok egun guztia kanpoan ematen genuen lehen, eta guretzako oporrak izan ziren etxean sartuta igaro genituen hiru hilabete haiek". Gauza bera nabarmendu du Mendizabalek. "Nik beti esango dut guretzat inoizko oporraldirik onena izan zela konfinamendua. Biok etxean, umeak ere etxean... Sekulako oparia izan zen hura".

Dena den, gauza bakoitza bere neurrian. Izan ere, dagoeneko urtebete daramate lana egin nahian eta ezinean. Osinaldek azaldu duenez, lehen egiten zuen lanaren herena egiten du orain, gutxi gorabehera. "Lehen, bidaia ugari egiten nituen aireportura, eta orain, astean bizpahiru baino ez. Gainera, enpresetako langileak hara eta hona eramaten nituen, eta mugimendu hori guztia ere geldituta dago", adierazi du. Berak kudeatzen zituen zerbitzuen gainbeheraren aurrean, emaztearen zenbait ardura bere gain hartu ditu Osinaldek: "Jendea errehabilitaziora eramaten hasi naiz orain, eta haurrak eskolara ere bai. Lehen Beatrizek egiten zituen lan horiek".

Bien artean, fakturazioa erdia baino gehiago murriztu zaie senar-emazteei. Mendizabalen arabera, "sekulako aldea" dago egoerak norbera nola harrapatzen duen: "Gu etxea ordaintzen ari gara, bi ume txiki ditugu, ikasketa guztiak aurretik dituzte...". Argi du Eguneko Zentroko lanari esker jarraitzen dutela aurrera. "Eskerrak elbarrientzako furgoneta daukadan eta zerbitzu horren ardura hartu nuen. Oinarri handia da hori gure etxean, bestela ez genukeen aguantatuko".

Garagarza ere "aguantatzen" ari da. "Galdera honako hau da: Noiz arte iraungo du aurreztuta daukagun diruak?". 2019tik 2020ra, erdira jaitsi zaio lana, gutxi gorabehera. "Hemendik urtebetera horrela baldin bagaude, ezingo diogu eutsi. Eta zer egin behar dugu gure adinarekin? Zer ate jo behar dugu?", bota du kezkaz. Horren aurrean, "burua entretenituta" izaten saiatzen da. "Taxi geralekuan ordu asko ematen badituzu, buruak lan asko egiten du, eta entretenitzen saiatzen naiz. Kirolak asko laguntzen du. Ez dago besterik".

Dirulaguntza "gutxi"

Autonomoak diren heinean, konfinamenduak iraun zuen sasoiari zegokion –hiru hilabete– autonomoen dirulaguntza kobratu zuten taxi gidariek: hilabeteko 600 euro jaso zituzten eta ez zuten autonomoen kuota ordaindu. Azpeitiko Udaletik, baina, ez dute ezer jaso. "Udalak esan zuen tabernariei eta dendariei laguntza emango ziela, baina gu ez gara hor sartu".

Beste laguntza batzuk eskatzeko aukera ere badute. "Lehen kobratu genuen hiru hilabeteko laguntza hura bezala, orain beste deialdi bat zabaldu dute, baina frogatu behar dugu sei hilabetean, ekaina-uztaila bitartean, duela bi urte baino gutxiago fakturatuko dugula. Eta nik zer dakit zer fakturatuko dudan uda bitartean? Oso baldintza arraroak bete behar ditugu laguntza horiek eskatzeko", azaldu du Mendizabalek.

"Galera handiak eta sarrera gutxi"; egoera horretan aurkitzen dira Azpeitiko taxi gidariak, Mendizabalen esanetan. "Nik uste dut beste asko eta asko bezala gaudela. Eta zer egin behar dugu? Norena da errua? Nori eskatu behar diogu dirua? Ez dakit erantzuna. Baina, gaur-gaurkoz, ez daukagu ezer ziurtatuta. Ahal duenak iraungo du, eta ezin duena bidean geldituko da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide