Bukatu dituzte irisgarritasuna hobetzeko lanak Karmelo Etxegarai ikastolako Perdillegiko eraikinean

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 23a, 15:28

Sarrera nagusian eskailerak berritu, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako arrapala bana eraiki, eta autobus geltokian estalpea jarri ditu Azpeitiko Udalak.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Perdillegi kaleko eraikinean irisgarritasuna hobetzeko lanak bukatu dituztela iragarri du Azpeitiko Udalak. Sarrera nagusian lehen zeuden eskailerak berritu dituzt, eta oinezkoentzako arrapala bat gehitu diete, eta ibilgailuentzako beste arrapala bat ere bai, "festa egun puntualetan aparkaleku gisa erabiltzeko aukera" izateko; lehendik ere eman izan zaio erabilera hori ikastetxeko jolastokiari, behin-behineko egurrezko arrapalak erabiliz. Horrez gain, autobus geltokian estalpea jarri dute. Azaroan hasi zituzten obrak, eta eraikineko sarrera nagusia guztiz eraldatu dute.

65.147,24 euro inbertitu ditu udalak eta Art eraikuntza enpresak egin ditu lanak. "Eusko Jaurlaritzaren udal laguntzetara aurkeztu zen proiektua eta obren %50 inguru finantzatu da laguntza horren bidez", udalak azaldu duenez.

Udalak Karmelo Etxegaraiko zuzendaritzarekin adostuta egin ditu lanak. "Azken urteotako elkarlanaren ondorioz, hainbat hobekuntza egiten ari gara Karmelo Etxegaraiko bi eraikinetan; obra guztiak herriko haur eta gaztetxoen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko beharrezkoak direla uste dugu. Aurrerantzean ere, elkarlanean jarraitzeko konpromiso osoa dugu", adierazi du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak. Kamino Saiz Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen zuzendaria, berriz, "gustura" agertu da, "ikastetxerako irisgarritasuna asko hobetu" delako obrekin. "Aurrera begira ere bide horretan jarraitu beharko dugu, bi eraikinek urte dezente dituzte eta berrikuntzak egin beharrean daude. Orain arte bezala, elkarlanean beharrezkoak diren obrak egiten jarraitzea espero dugu", zehaztu du Saizek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide