Azpeitiko Sanagustin kulturguneak 10 urte beteko ditu aurten, eta urtemuga horren harira sortutako Herri Batzordeak argazki erakusketa erraldoi bat osatuko du herritarrek bidalitako argazkiekin. Batzordeko kideek adierazi dutenez, "une gogoangarrien argazkiak bildu eta konpartitzea" da ekintza horren xedea, baita "norberaren oroitzapen pertsonaletik kontakizun anitza eta zabala irudikatzea" ere.
Horretarako, azpeitiarrei nahiz kanpoko herritarrei argazkiak bidaltzeko eskatu die Herri Batzordeak: "Mugikorrak dira gure egungo erretina eta badakigu norberaren sakelekoetan argazki eder mordoa dugula pilaturik. Ez dugu argazki perfektua topatu nahi, ez eta betiko protagonistak soilik oholtzan erakutsi nahi. Zure argazki pertsonal hori nahi dugu, Sanagustin bizitzeko zure modua erakutsiko diguna".
Bi modu izango dira argazkiak bidaltzeko; alde batetik, sa10urteargazkitan@gmail.com helbide elektronikora bidalita, eta, bestetik, 674 16 56 82 telefono zenbakiko WhatsAppera bidalita. Herritar bakoitzak nahi adina argazki bidali ahal izango ditu. Herri Batzordeko kideek udaberrian zabaldu nahi dute erakusketa, Sanagustinen bertan, eta sarean ere ikusi ahal izango dira argazkiak. Horrez gain, datozen hilabeteetan 10. urtemugaren egitarauaren berri emango dute.