Espartzu: “Gaizki doan egoera baten aurrean aterabidea proposatzen du diskoak”

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 5a, 10:01

Pello Arrue (Azpeitia, 1995) eta Gaizka Arrue (Azpeitia, 1998) anaiek osatzen dute Espartzu musika taldea, eta elkarrekin sortutako aurreneko diskoa kaleratu dute: 'Zerotik hasi'. Euskarri fisikoan argitaratu dute diskoa, baina Interneten ere eskuragarri jarri dute. Guztira, bederatzi abesti ditu 'Zerotik hasi' lanak, eta protagonistak hitzak diren arren, melodiek asko janzten dituzten mezuak.

Gustura gelditu al zarete emaitzarekin?

Pello Arrue: Oso gustura gelditu gara egin dugun lanarekin. Estudioan grabatu dugun aurreneko lana da, eta hori nabaritzen da emaitzan. Lehenago ere grabatu genituen abesti batzuk, baina gure kasa, eta kalitate aldetik beste lan bat gelditu zaigu orain. Espartzuren xedea ez da musikatik dirua irabaztea, gure helburua da jendeak gure abestiak entzutea eta mezuak zabaltzea, eta diskoak horretarako aukera emango digula iruditzen zaigu.

Zergatik Zerotik hasi izena?

'Zerotik hasi' diskoaren aurkezpena, Azpeitiko Gaztetxean. 

 Gaizka Arrue: Gaizki doan egoera baten aurrean aterabide bat proposatzen du Zerotik hasi diskoak. Egungo egoera musikalean pentsa daiteke irteera hori irteera pertsonal bat dela, bolada txar batetatik irteteko bidea dela, baina gure kasuan ez da horrela. Maila sozialean kokatzen da mezua. “Zerotik hasi” adierazpenak irudikatuko luke sistema zaharrarekin moztea, eta horren gainean beste zerbait eraikitzearen prozesua; izan ere, iruditzen zaigu sistema zaharrak dekadentzia dakarrela, dekadentzia materiala, kulturala eta pobrezia orokortua.

Nolakoa izan da sortze prezua?

P.A: Zerbait naturala izan da. Lehenik abestiak sortu genituen, eta ondoren pentsatu genuen diskoa ateratzea, ez alderantziz. Nahiz eta Gaizka eta biok garen Espartzu, hainbat lagunek parte hartu du prozesuan. Azpeitiko 2Noisy estudioan grabatu genuen diskoa, eta Ohian Lizaso soinu teknikariak abestiak grabatzeaz gain, kantuak musikalki hobetzen lagundu zigun. Hartu lantzak abestian Verräter taldeko Txapei izan genuen kolaboratzaile abeslari gisa. Diskoaren diseinua, aldiz, kanpokoa nahiz barruko kantu liburuxka, Erik Aznalek egindakoa da.

Zein dira diskoaren ezaugarri nagusiak?

G.A: Letra politikoek eta gitarra akustikoaren, bateria digitalaren eta sintetizatzailearen uztarketak ezaugarritzen dute diskoa. Nolabait, gitarra akustikoa erabiltzearen arrazoia da hari esker gehiago nabarmentzen direlako ahotsa eta letrak. Hala ere, ikusten dugu letra politiko txukunak izateaz gain, garrantzitsua dela eduki musikal ona eskaintzea. Nahiz eta oraindik hasiberriak garen, ari gara oinarri musikalak aztertzen eta eduki hori hobetzeko lanean; izan ere, iruditzen zaigu gaur egun hori falta dela: mezu politikoak eduki musikal onarekin uztartzea.

Esan daiteke kantu guztietan hitzak direla protagonistak. Zer dela eta?

 G.A: Letrek garrantzia handia dute disko osoan zehar. Nolabait, gure mezuak zabaltzeko tresna nagusia letrak dira. Horietan azaltzen den subjetu politikoa proletargoa da, eta kantu guztietan nabari daitezke subjetu horrek jasotzen dituen kolpeak, baita horien aurrean jartzen duen jarrera eta duen erantzuna ere. Antolatzearen beharrezkotasuna aldarrikatzen dugu disko osoan zehar.

Gaur egun ez da horren ohikoa diskoak euskarri fisikoan ateratzea

 P.A: Disko fisikoen erabilera asko jaitsi da, eta uste dut horren arrazoietako bat dela erreprodukzitzeko gailu oso gutxi  daudela gaur egun. Ordenagailuak ez dute disko entzungailurik izaten, ezta autoek ere, eta musika sarean dago entzungai. Guk ere igo dugu Internetera diskoa, baina hala ere disko fisikoa ateratzea pentsatu genuen polita iruditzen zitzaigulako. Gainera, gaur egun aukera ematen dute ale gutxi ateratzeko, eta hori egin dugu guk.  

Nolako harrera izan du diskoak?

P.A: Oro har, kritika oso onak entzuten ari gara. Badakigu mundu guztiari gustatzea ezinezkoa dela, baina gustura gaude jasotako erantzunarekin. Ederra da kontzertuak eskaintzean jendea zuk egindako kantuak abesten ikustea,  beste plazer bat ematen du horrela kontzertuak eskaintzeak. Azpeitiko Gaztetxean aurkeztu genuen diskoa abenduan, eta oso esperientzia polita izan zen.

Nola ikusten duzue panorama musikala pandemia garaian?

G.A: Alde batetik, talde ez profesionalok arazo ugari izan ditugu bai entseatzeko baita kontzertuak eskaintzeko ere, eta hori salatu nahi genuke. Bestetik, gure moduko taldeok kontzertuak eskaintzen ditugun espazioek, hala nola gaztetxeek arazo ugari izan dituzte ekintza kulturalak antolatzeko beste espazio batzuk martxan egon diren bitartean. Horrek erakusten du gaur egun dagen kulturaren kontzepzio merkantilista eta profesionalizatzailea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide