Lagun Onak MBk munduko alpinista eta eskalatzaile "onenetarikoak" ekarriko ditu Azpeitira

Andoni Elduaien 2021ko urt. 15a, 18:37

'Mendiko Ahotsak' emanaldi zikloa antolatu du 2021. urterako mendi bazkunak. Alpinisten eta eskalatzaileen solasaldiak hilabete bakoitzeko hirugarren ostegunerako deitu ditu, eta Sanagustin Kulturgunean edo Soreasu antzokian izango dira.

Lagun Onak mendi bazkunak 2021. urtean zehar egingo duen 'Mendiko Ahotsak' emanaldi zikloa aurkeztu du gaur; bere 75. urtemugarako programan jasotako ekintza nagusienetakoa izango da. Zikloaren testuinguruan, munduko alpinista eta eskalatzaile "onenetarikoak" ekarriko ditu Lagun Onak mendi bazkunak Azpeitira beraien ibilbideak eta bizipenak aurkeztera. Horiekin batera, herriko zein Euskal Herriko eskalatzaileak eta abenturazaleak, bidaiariak, ur-amiletako kayakistak, himalayistak zein mendi lasterketetako korrikalariak ere Azpeitian izango dira. Mendi bazkunak "programa orekatua" osatu duela azaldu du, "gertuko zein nazioarteko hizlariak uztartzen" dituena delakoan.

Hilero hitzaldi bat eskaintzea da mendi bazkunaren asmoa; hain zuzen ere emanaldi guztiak hileko hirugarren ostegunean 19:00etan egitea aurreikusi du Lagun Onakek. Sanagustin kulturgunean edo Soreasu antzokian egingo dituzte, deialdiaren arabera. Horren haritik, mendi bazkunak jakinarazi du hilabete bakoitzeko emanaldiaren deialdian zehaztuko duela hitzaldi bakoitza non izango den. Lehen saioa datorren ostegunean, urtarrilak 21, izango da, baina Lagun Onakek datozen egunetarako utzi ditu xehetasun guztiak.

11 hizlari lotuta

Hitzaldi zikloan parte hartuko duten protagonistak zein diren ere jakinarazi du gaur Lagun Onakek; guztira 11 gizon-emakume ditu lotuta gaur-gaurkoz mendi bazkunak. Horien artean atzerriko alpinistak eta eskalatzaileak daude, tartean dira Denis Urubko errusiarra, Adam Ondra txekiarra, Jesus Calleja espainiarra eta Wojciech Kurtyka poloniarra.

Atzerritarrez gain, ordea, Euskal Herriko hizlariek ere parte hartuko dute 'Mendiko ahotsak' ekimenean. Ainhoa Lendinez mendi lasterkari elgoibartarra, Gorka Karapeto eskalatzaile azpeitiarra, Josema Casimiro alpinista iruñearra, Mamen Etxaniz bidaiari eta abenturazale azpeitiarra, Josu Iztueta bidaiari tolosarra, Mikel Sarasola ur-amiletako kayakista donostiarra eta Joxe Luis Eizagirre mendizale eta bidaiari azkoitiarra solasaldietako protagonistak izango dira aurtengo urtean zehar.

Sarrerak Kulturazen

Emanaldiak zuzenean jarraitu ahal izateko, sarrerak aurrez eskuratu beharko dira Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren webgunean. Egungo osasun egoeragatik emanaldiek edukiera mugatua izango dutela azaldu du Lagun Onakek, eta gainera, "beharrezkoak" diren neurri guztiak "aplikagarriak" izango direla adierazi du mendi bazkunak, hala nola musukoak edota segurtasun distantzia. Emanaldi zikloa bera ere "momentuan momentuko osasun egoerara egokitzen" joango direla iragarri du mendi bazkunak.

'Mendiko Ahotsak' ekimenerako antolatutako hitzaldi zikloaz gain, Lagun Onak mendi bazkunak aurtengo urterako bestelako emanaldiak eta hitzaldiak antolatzea ere aurreikusten duela adierazi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide