Azken egunetan egiten ari den hotza tarteko, Azpeitiko Elkar-ekin taldeak berogailuak, manta lodiak eta hotzari aurre egiteko orotariko materialak bilduko ditu Soreasuko Elkargunean. Herritarrek bihar eta etzi izango dute Elkargunera materiala eramateko aukera: bihar 16:00etatik 20:00etara, eta etzi, 10:00etatik 13:30era.
Elkar-ekinek azaldu duenez, hotza tarteko "okerrera" egin dute pobrezia egoeran diren hainbat herritarren bizi baldintzek: "Bereziki berogailua jartzeko aukerarik ez duten eta neguari aurre egiteko oinarrizko material egokirik ez duten horienek". Elkartasunean "sakontzeko" deia egin du taldeak. "Injustiziarik latzenak bizi dituzten horiekin gogoratzea eta injustizia egoerak gainditzeko borrokan jarraitzea beharrezkoa da".