Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak urtero antolatu ohi zuen mobilizazioa, baina talde hori desegin egin denez, aurten Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak hartuko du haren lekukoa. Azpeitiko plazatik abiatuko da protesta, 19:00etan hasita. "Gainera datorkigun etorkizun beltza salatzetik harago, langile antolakuntzaren aldeko aldarria kalera" atera nahi du kontseilu sozialistak, "oldarraldi kapitalistari aurreko egiteko modu bakarra langileriak bere burua antolatzea" dela defendatzeko.
Manifestazioaren deitzaileen arabera, "pandemia aitzakia hartuta", langileriarengan "ondorio latzak" ekarri ditu egungo egoerak. "Agintari politikoek birusaren hedapena kudeatzeko izan dituzten ezintasunek eta azpijokoek garbi utzi dute, langileriaren etorkizun hobe bat baino, bizitzeko modu honen oinarri ekonomiko nahiz kultural berriak ezarri nahi direla, langileria oraindik eta gehiago zapalduz eta kaosera eta etengabeko ziurgabetasunean bizitzera bultzatuz".
Kontseilu Sozialistak azaldu duenez, "burgesiak joko zelai berria ezarri" nahi du, eta paradigma aldaketa horretan ere langileria izango da galtzaile nagusia. "Geure burua erreproduzitzeko gastuak igotzen doazen bezala, bizitzeko baliabideak geroz eta murritzagoak dira; soldatapeko lanean arituta ere, gutxirekin bizitzera ohitu gara", adierazi dute.
Kontrol sozialaren areagotzea
Gainera, herritarrei "askatasun politiko eta zibilak ukatu" zaizkiela diote: "Kontrol sozialaren areagotzea, etxeratze aginduak, Mozal legearen aplikazio arbitrarioak, poliziaren presentzia handitzea, mugikortasunaren ukapena…". Kontseilu Sozialistaren arabera, birusaren hedapena gelditzeko "biolentzia hori" erabiltzeak "zentzu guztia galtzen" du. "Gerra testuinguruetan hartu ohi diren neurri autoritarioak dira, langileria otzantzea beste helbururik ez dutenak".
Egoera horren aurrean, "eskubide sozial eta politikoen defentsa lehen lerroan kokatu" behar dela uste du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. "Tresna bakarra dugun borroka politikoa bera ere ukatu egingo zaigu bestela. Bide hori berrartzea langileriak bizitzeko eta borrokatzeko baldintzen aldeko bidea hartzea da, langileriaren proiektu historikoa den sozialismorako bidea hartzea. Bide horretan antolakuntzaren indarra batzeko momentua dugu".