Azkoitiko eta Azpeitiko ostalariek eta hornitzaileek protestak egin dituzte irtenbidea eskatzeko

Urola Kostako Hitza 2020ko abenduaren 31

Azkoitiko eta Azpeitiko ostalariek eta hornitzaileek protestak egin dituzte gaur. Sektorea "egoera larrian" dagoela eta, "erreskate plana" eskatu dute beste behin.

COVID-19ak eragindako izurritea tarteko hartzen ari diren neurriak direla eta, ostalaritza "egoera larrian" dagoela adierazi dute beste behin Azkoitiko eta Azpeitiko ostalariek nahiz horien hornitzaileek. Haien ustez, orain arte jaso dituzten dirulaguntzak ez dira nahikoa. Horregatik, gaurko protestaren bidez, "irtenbidea eta sektorearentzako erreskate plana" eskatu dizkiete Eusko Jaurlaritzari nahiz udalei. 12:00etan Azkoitiko plazatik abiatuta auto karabana egin dute, eta auto ugari elkartu da ostalarien aldarria lau haizetara zabaltzeko. Azkoitian eta Azpeitian barrena egin dute ibilbidea.

Era berean, protesta zaratatsua egin dute ostalariek Gipuzkoako hainbat herritan, eta Azpeitiko tabernariek eta jatetxeetakoek bat egin dute deialdiarekin. 18:00etan, dendak eta tabernak ixteko ezarritako orduan, zarata ateratzen aritu dira tabernariak herriko kaleetan. Azpeitiko Bertan merkatari elkartekoek ere bat egin dute protesta zaratatsuaren deialdiarekin.

(Goian, eguerdian Azkoitian hartutako irudiak; behean, Azpeitiko protestetako argazkiak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide