Azpeitian jarrita dago eguna COVID-19aren kontrako txertoarentzat: urtarrilak 8

Nerea Uranga 2020ko abenduaren 30a

Eskualdeko gainontzeko herrietako informaziorik ez da egin publiko oraindik. Azpeitian, ordea, eman dute berria Nagore Alkorta alkateak eta San Martin egoitzako lehendakariak eta Manolo Aizbitarte egoitzako zuzendariak. Urtarrilaren 8an San Martin egoitzako 140 egoiliar eta langilek hartuko dute COVID-19aren kontrako txertoaren lehen dosia, "gauzak ondo bidean". Egoitzako egoiliarrak "zain-zain" daudela esan du Aizbitartek.

Dena ondo bidean bada, COVID-19aren kontrako txertoaren lehen dosia urtarrilaren 8an jasoko dute Azpeitiko San Martin egoitzako egoiliarrek eta langileek; bigarrena, berriz, hil horren 29an. Hala jakinarazi dute Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta San Martin egoitzako lehendakariak eta Manolo Aizbitarte egoitzako zuzendariak. Egoitzako 74 egoiliarrek eta 66 langilek hartuko dute txertoa. Aizbitartek adierazi du txertoaren "zain-zain" daudela egoiliarrak. “Hilabete askoren ondoren, txertoa egoera hobeago baterako pauso garrantzitsua izan daitekeela ikusten dugu egoitzan. Gustura eta ilusionatuta gaude, batez ere egoilarrak", esan du egoitzako zuzendariak. Alkortak esker ona azaldu die egoitzako egoiliar eta langileei: "Hilabete hauetan guztietan egiten ari diren ahalegina eskertu beharra dago. Hilabete gogorrak ari dira izaten denontzat, eta batik bat adineko herritarrentzat eta egoitzetakoentzat. San Martin egoitzan ardura handiz jokatu dute, izugarrizko lana egin dute. Bertako langileei, egoiliarrei eta haien familiei eskerrak eman nahi dizkiet, egoera gogor eta zail honen aurrean egin duten ahaleginagatik".

Abenduaren 28an hasi zuten COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina Hego Euskal Herrian; egun horretan, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako egoitza banatan banatu zituzten txertoak.

Azpeitiko alkateak adierazi du, txertoa "argi izpi bat" dela, baina egun batetik bestera egoera ez dela aldatuko: "Baina badugu itxaropena hilabete gutxiren buruan egoera leuntzen hasiko dela". Azken egunotan, Azpeitiko kasu positiboen inzidentzia tasa pixkanaka behera doala adierazi du Alkortak, baina oraindik "egoera larria" dela eta prebentzio neurriak betetzearen garrantzia azpimarratu du: "Prebentzio neurriak hartuz eta norberaren osasuna zainduz, ingurukoak zaintzea dagokigu".

Oraingoz, beste herrietan ez dute jakinarazi noiz hasiko diren txertaketekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide