Juanenea-Larrañaga eta Segurola-Barrenetxea IV bikoteak finalerdietan mendean hartuta lortu dute Ansa II-Aizpuru III eta Urriza-Labaka bikoteek erremonteko Binakako Txapelketako finala jokatzeko txartela. Atzo, larunbata, Hernaniko Galarretan jokatutako bi finalaurrekoetan Urola Kostako lau erremontista aritu ziren nor baino nor: Joxin Aizpuru Aizpuru III.a eta Jagoba Labaka azpeitiarrak, Iban Larrañaga azkoitiarra eta Beñat Segurola aizarnazabaldarra. Bi azpeitiarrek lortu zuten txapela jokoan izango den neurketan nor baino nor aritzeko aukera.
Lehendabiziko finalerdiko partidan, Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak Juaneneari eta Larrañagari 40-33 irabazi zioten. Bikote irabazleak txapelketa guztian erakutsitako maila azaldu zuen finalerdian, eta ligaxkako lau garaipenei beste bat erantsi zieten atzo.
Bigarren finalerdian, Urrizak eta Labakak 40-36 emaitzarekin hartu zituzten mendean Segurola eta Barrenetxea IV.a. Neurketaren lehen zatian Beñat Segurolak tanto onak egin zituen aurrean. Jagoba Labakak partidaren azken zatian asko asmatu zuen jokaldiarekin eta puntu batzuk lortu zituen. Oso partida gogorra izan zen bigarren finalerdikoa.