Hutsik eta triste gelditu ziren atzo Azpeitiko kaleak a18:00ak jotzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurri murriztaileak tarteko. Dendak itxi eta minutu gutxira ostalarien, merkatarien eta hornitzaileen aldarriek hartu zituzten kaleak. Bertan merkatari elkarteak eta Azpeitiko tabernarien elkarteak (AZTE) deituta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo, sektoreko langileen egoera salatzeko eta erakundeei "neurrien adinako laguntzak” eskatzeko.
Plazan amaitu zen manifestazioa, eta bertan hitza hartu zuten mobilizazioaren deitzaileek. Adierazi zuten Azpeitian 500dik gora familia bizi direla ostalaritzatik, merkataritzatik eta hornikuntza lanetatik, eta azken hilabeteotako egoeraren aurrean oso kezkatuta daudela azpimarratu zuten. Hori dela eta, bizi duten egoera "jasanezina" dela eta "gehiago ezin" dutela adierazi zten atzoko hitzartzean. Erakundeen jarrera ere salatu zuten, eta haiei eskaera zuzena egin zieten: "Utz diezaiotela limosnak partitzeari, eta has daitezela egoerak benetan eskatzen dituen laguntzak ematen". Era berean, adierazi zuten ostalariak, merkatariak eta hornitzaileak ez direla egoera honen errudunak, eta pandemiari lotutako azken datuek hori agerian utzi dutela azpimarratu zuten.
Gogoan izan zituzten Euskal Herriko hainbat txokotan egoera berean dauden ostalariak, merkatariak eta hornitzaileak, baita pandemiaren eta neurrien ondorioz beren negozioak itxi behar izan dituztenak ere.