Binakako Erremonte Txapelketan parte hartu duten eskualdeko lau erremontistek lortu dute finalerdietara sailkatzea. Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra izan da sailkatzen azkena. Goikoetxea V.ak eta Endikak partida galduta, finalerdietarako sailkapena eskuratu zuten Larrañagak eta Juaneneak. Aurreko asteburuan lortu zuten sailkapena, aldiz, Segurola aizarnazabaldarrak eta Labaka zein Aizpuru III.a azpeitiarrek.
Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak amaitu dute txapelketako lehen fasea sailkapeneko lehen postuan; jokatutako partida guztiak irabazi dituzte hamasei puntu batuz, eta finalerdian lau puntu batuta sailkapeneko laugarrenak izan diren Juanenea eta Larrañaga izango dituzte arerio. Bigarren postuan, berriz, beste azpeitiar bat sailkatu da. Jagoba Labakak eta haren bikote Urrizak hiru partida irabazi dituzte, hamahiru puntu batzeko; bi horiek hirugarren sailkatu diren Segurola eta Barrenetxea IV.a izango dituzte aurkari; aizarnzabaldarrak eta Barrenetxea IV.ak Urrizak eta Labakak baino puntu bat gutxiago batu dute.
Finalerdiak datorren larunbatean, abenduak 26, Hernaniko Galarretan jokatuko dituzte, 15:30ean hasita. Lehen finalerdia Ansa II.a-Aizpuru III.a eta Juanenea-Larrañaga bikoteen artekoa izango da. Bigarren finalaurrekoan, berriz, Urriza-Labaka eta Segurola-Barrenetxea IV.a arituko dira nor baino nor gehiago. 40 tanto egiten dituzten bi bikoteek lortuko dute urtarrilaren 2an Hernaniko Galarretan (Gipuzkoa) jokatuko duten finalerako sailkapena. ETB1ek bi finalerdiak zuzenean eskainiko ditu.