Pandemia hasi zenetik nola funtzionatu du Gaztelekuak?
Konfinamenduan sartu ginenean, bi lan ildo jarri genituen martxan. Alde batetik, gazteen aisialdirako materiala sortu genuen; eta bestetik, nerabeen arreta zerbitzua jarri genuen martxan. Guretzako hori oso garrantzitsua izan zen, haiekin harremanetan jartzeko modurik onena baitzen, lehendik geneukan Whatsapp sare baten bitartez. Tresna hori erabiltzen genuen gure eguneroko lanean beraiekin harremanetan egoteko, beraien kezkak ezagutzeko… Saiatu ginen hor egoten hain berezia izaten ari zen egoera hartan. Kontuan izan behar dugu nerabe guztiek ez dituztela sostengu eta babes egitura berdinak, eta nerabe horietako asko zaurgarritasun egoeran aurkitzen direla. Itxialditik bueltan, asko kostatu zitzaigun zerbitzua irekitzea. Nerabeentzako ez ezik, guretzako ere noraez handia izan da; izan ere, proiektu bat pentsatu orduko bideragarria ez zela konturatzen ginen; egiten genuen oro bertan behera gelditzen zen egoerak dena baldintzatzen zuelako. Orain, behintzat, nerabeekin ari gara lanean.
Zein izan dira nabaritu dituzuen aldaketa nagusiak?
Azken urteetan Gaztelekuan eraldaketa prozesu polita bizitzen ari ginen, eta pandemiaren bueltako honek guztiak gure funtzionamenduari eta proiektuei asko eragin die. Esaterako, gazte lokaletan lan egiten genuen; lokaletara joaten ginen eta nerabeekin egoten ginen. Orain hori ere ezin dugu egin, lokalak itxita baitaude. Gaztelekua DBH 1. eta 2. mailakoek asko erabili izan duten lekua izan da, DBH 3tik aurrera lokaletara begira jartzen baitira gazteak. Orain, ordea, lokaletarako adinean daudenek ere Gaztelekura etortzen jarraitzen dute, lokalak itxi baitizkiete. Beraz, gertatu dena da eskaria handiagoa dela orain, baina aforoa murritzagoa; hamabost pertsonakoa, zehazki. Nerabeek online egin dezakete erreserba, baina tresna horietara moldatzen ari dira oraindik, eta ez zaie erraza egin. Guri dagokigunez, eguneroko lanean izugarrizko dilemak sortzen zaizkigu, eta egoera horietako gehienak nerabeekin batera kudeatzen ditugu, beraiekin kontsentsu batetara iritsiz. Zaila ari da izaten, ezbairik gabe.
Zein izan dira kezka nagusiak hezitzaileon aldetik?
Batez ere protokoloak nola aplikatu beren arteko harremanak mugatu gabe. Izan ere, Gaztelekua bada leku bat beraiek naturalki askatzera etortzen direna. Inoiz baino agerikoago gelditu da kalea ez dela hain leku publikoa; nerabeek zailtasun handiak dituzte espazioak hartzeko arazorik izan gabe, inori molestatu gabe. Horren harira, gazteekin beraiek lasai egon ahal duten leku posibleen mapeoa egiten aritu ginen: aterpeak, txokoak... Konturatu ginen oso leku gutxi daudela non aterpean lasai egon ahal izango diren inork beraiek handik bidali gabe. Kezka dugu: nerabeei lekua nola eskaini.
Nola ikusten dituzue nerabeak?
Azkenaldian barrenak mugituta sumatzen ditugu: haserre, triste, gorabeheratsu... Oso mugatuta sentitzen dira, eta espazio beharrean sentitzen dira elkarrekin egon eta dituzten premiak azaleratzeko. Adinaren arabera behar ezberdinak dituzte, eta nolabait esku zabalik daude Gaztelekutik eskaintzen diegun guztia jasotzeko. Une honetan asko erreklamatzen dute gure presentzia zein konpainia, eta gu, presentzialki zein sare sozialen bidez, hor egoten saiatzen gara.
Harremanetan aldaketarik nabaritu al duzue?
Harremanetarako aukera gutxi dute eta sozializazioa asko eten da. Horrez gain, nabarmena da geroz eta gehiago erabiltzen dituztela pantailak, sare sozialak… Talde handietan mugitzetik talde txikiagoetan mugitzera ere pasatu dira. Nolabait, harreman sareak murriztu egin dituzte. Konfinamendu ostean kuadrilletan banaketak gertatu izanak ere zer pentsatua eman digu.
Pandemiak izan al du ezer positiborik?
Berrasmatzeko eta gauza berrietara egokitzeko gaitasuna dugula ikusi dugu. Hasieran kostatu egiten zitzaigun protokoloa gure lanarekin nola uztartu irudikatzea; izan ere, Gaztelekua jendez beteta izan dugu azken urteetan, eta erreferentziazko leku bat bilakatu da nerabeentzat. Ikusten genuen hezitzaile lana eta polizia lana ez zirela oso bateragarriak, eta gure baloreetara zein helburuetara iristeko oztopo bat izan zitekeela. Bere horretan, oreka bat bilatzen ari gara eta nerabeek ere ulertzen dute gure egoera. Elkarrenganako enpatia horretan nerabeen bidelagun izaten jarraitzen dugu ilusioz eta gogoz, inoiz baino gehiago behar gaituztela sentitzen baitugu.