Egigurenek 22 eta 14 irabazi dio Alberdiri Promozio mailako Lau eta Erdikoan

Mailo Oiarzabal 2020ko abenduaren 13a

Aspekoarentzat izan da bi pilotari azpeitiarren arteko final laurdenetako lehia. Darioren aurka lehiatuko da finalaurrekoan Egiguren.

Esku pilotan profesionaletan ari diren bi azpeitiarrak aurrez aurre aritu dira gaur, eta gazteenarentzat izan da garaipena. Julen Egigurenek 22 eta 14 irabazi dio Jon Alberdiri, Promozio mailako Lau eta Erdiko txapelketaren final laurdenetako azken neurketan, Eibarko Astelena pilotalekuan. Herrikidea kanporatuta, Dario errioxarraren kontra jokatuko du finalaurrekoa Aspe enpresan ari den azpeitiarrak.

Parekatuta hasi da bi azpeitiarren arteko neurketa, baina erdi aldetik aurrera Egigurenen alde hautsi da. Alberdi ondo hasi da. 11 eta 8 aurretik jarri da Baiko enpresako azpeitiarra, baina Egigurenek zortzi tanto jarraian egin ditu segidan, markagailuari buelta handia emanez (11-16). Konfiantzaz eta jokoz beteta, aukera gutxi eman dizkio hortik aurrera Alberdiri.

Lau eta Erdiko finalaurrekoetara sailkatuta, jokatu dituen azken bi txapelketetan lau onenen artean sartzea lortu du Egiguren V.ak, Promozio mailako buruz burukoan ere finalaurrekoetara iritsi baitzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide