Sortzaileen Azoka Herrikoia egingo dute Azpeitian datorren igandean

Mailo Oiarzabal 2020ko abenduaren 13a

Orkatz kultur elkarteak antolatu du, "herriko sortzaileen lanak ezagutaraztea eta horiek erosteko aukera ematea" helburu. Azpeitiko eta inguruetako hainbat sortzaile, artisau eta ekoizle txikik jarriko dituzte postuak.

Orkatz kultur elkarteak antolatuta, Sortzaileen Azoka Herrikoia izango da gaur zortzi, hilaren 20an, Azoka Plazan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "Orkatz barruan kultur ekintzak antolatzeko aukera askorik ez" duten honetan, egitasmo berri bati eustea erabaki dute. Hasieran taberna barruan "formatu txikiagoan" egin asmo zuten azokatxoaren ideia "eraldatu", eta "Azoka Plazan zerbait handiagoa egitera animatu" dira azkenean. "Herriko sortzaileen lanak ezagutaraztea eta horiek erosteko aukera ematea" da antolatzaileen asmoa.

Horrela, herriko zein gertuko hainbat sortzaile, artisau eta ekoizle txikik jarriko dituzte postuak datorren igandean Sortzaileen Azoka Herrikoian. Hau da parte-hartzea baieztatu dutenen zerrenda: Orkatz (arropa eta abar), Hala (irudia), Txakur Gorria (irudia eta hitza), Biziki (arropa), Killari (makramea), Erika Olaizola (Panpina liburuarekin), Endredamakina (osagarri birziklatuak), Marrak (irudia-serigrafia), Pitxibitxi (zilarrezko bitxiak), Keizpe Studio (serigrafia-ilustrazioa), Itxasoren panpintxoak (kakorratz lanak), Oihele (arropa) eta Emili (arropa egokitua). Azokan "askoz gehiago" ere eskainiko dela aurreratu dute antolatzaileek.

Goiz eta arratsaldez irekiko dute azoka, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide